Gizartea -

Bilbao

Botiloietan parte hartzen duten pertsonei zigorrak "gupidarik gabe" jarriko zaizkiela ohartarazi du Aburtok

Bilboko alkateak iragarri du polizia gehiago izango direla botiloiak egiten diren tokietan eta erantsi du kalean kontsumitzeko edariak saltzen dituzten ostalariak ere zigortuko dituztela.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Juan Mari Aburto: ''Isunak jarriko ditugu, duda barik''

2:54

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak iragarri du polizia gehiago izango direla kalean asteburu honetan botiloiak egin ohi diren tokietan. Halaber, litroak egiten dituzten pertsonak eta kalean kontsumitzeko edariak saltzen dituzten ostalariak "gupidarik gabe" zigortuko dituztela ohartarazi du.

"Aisialdia ezin da hori izan. Ezin dugu aisialdia zentzurik gabe edatearekin, bizilagunak izorratzearekin eta ondasun publikoak nahiz pribatuak apurtzearekin lotu", kritikatu du.

Kaleko edanarekin amaitzeko asmoz, Udalak eskura dituen "bitarteko guztiak" erabiliko dituela agindu du Aburtok. Hala, Bilbon 300 udaltzain dituztela eta Segurtasun Sailarekin harremana "etengabea" dela gogoratu du.  

Asteburu honetan Poliziaren presentzia areagotuko dutela jakinarazi du, "prebentzio lanetan aritzeko, baina baita zigorrak jartzeko ere". "Beste behin esango dut: isunak jarriko ditugu eta gupidarik gabe egingo dugu", azpimarratu du.

Botiloietan parte hartzen duten pertsonak ez ezik, kalean kontsumitzeko edaria saltzen dituzten ostalaritza establezimenduei ere zigorrak jarriko dizkietela zehaztu du alkateak.

Ildo horretan, 2020ko uztailetik hona, Bilboko Udaltzaingoak 2.200 isun jarri dituela jakinarazi du.

Bestalde, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak adierazi du Ertzaintzarentzat eta Udaltzaingoarentzat botiloi masiboak desegitea zaila dela, "ezkutu humanoak direlako".

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Erkorekak nabarmendu du kaleko edana ez dela fenomeno berri bat, baina onartu du Euskadin orain inoiz baino gehiago hedatu dela kalean jendea biltzeko eta elkarrekin edateko ohitura.

 

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa