Gizartea -
35 euroren truke
Madrilgo hotel bat itxi dute, lo egiteko aulkiak alokatzeagatik
Lo egiteko aulkiak eta besaulkiak 10 eta 35 euro artean alokatzen zituzten, logelaren neurriaren arabera.
Erredakzioa
Carabanchelgo hotel bat itxi du gaur Poliziak, txinatar hiritarrei lo egiteko aulkiak edo besaulkiak alokatzeagatik eta lizentziarik gabe lan egiteagatik. Antza, aulkiak eta besaulkiak 10 eta 35 euro artean alokatzen zituzten, logelaren neurriaren arabera.
Madrilgo Udalak azaldu duenez, ikerketaren arabera, Carabanchelgo Oporto Etorbidean kokatutako eraikin bateko hotelaren jabeek ez zuten negozioa irekitzeko lizentziarik.
Txineraz idatzitako kartel batzuetan, logeletako salneurriak eskaintzen zituzten, eta telefono zenbaki bat ere jartzen zuten. Telefono zenbaki horretatik abiatuta, ikerketari ekin zioten, eta egunero hainbat txinatar eraikinean sartu eta atera egiten zirela ikusi zuten. Horrez gain, bezeroek egunero furgoneta bera erabiltzen zuten.
Eraikinaren barruan, sei logela ezberdin zeuden, denak sarrailekin, sukalde bat eta komun bakar bat. Logelei etekina ateratzeko, zurezko panelak erabiliz, logelak zatitu egiten zituzten.
Logela handienetan ez zegoen oherik, aulkiak, besaulkiak eta mantak baizik, "jendeak ezin duelako lo egitearen truke diru askorik ordaindu", hotelaren jabearen hitzetan.
Logelak 10 eta 35 euro artean alokatzen zituzten, logelaren neurriaren arabera eta lo egiteko zer erabiltzen zutenaren arabera (aulkia edo besaulkia).
Azkenik, Poliziak hiru lagun atxilotu ditu, hirurak txinatarrak.