Gizartea -

Tiroketa campusean

Internetez erosi zuen eskopeta, egunean bertan, EHUn tiroka sartu zen ikasleak

21 urteko mutilak irailean lortu zuen ehizarako baimena eta atzo goizean erosi zuen eskopeta, horretarako beharrezkoak diren agiriak aurkeztuta. Leioako campusera joan aurretik, Gallartako tiro-eremuan probak egiten ibili zen.

El arrestado, en el interior de un coche de la Ertzaintza, tras ser detenido. Foto: EFE
El arrestado, en el interior de un coche de la Ertzaintza, tras ser detenido.
EHUn tiroka sartu zen ikaslea armarekin praktikatzera joan zen Gallartara

1:35

O.P / E.G | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo arratsaldean Zientzia eta Teknologia Fakultatean tiroka sartzeagatik atxilotutako EHUko ikasleak irailean eskuratu zuen ehizarako baimena eta atzo goizean erosi zuen eskopeta, horretarako beharrezkoak diren dokumentu guztiak aurkeztuta.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak eman dituzte gertakariari buruzko xehetasunak, nork bere aldetik.

Erkorekak azaldu duenez, 21 urteko ikasleak atzo goizean erosi zuen eskopeta Internet bidez, eta jarraian Guardia Zibilak La Salven duen egoitzara joan zen, baimena formalizatzeko.

Arratsaldean, Gallartako tiro-eremuan probatu zuen eskopeta, eta ez Artxandan, aurrez zabaldu bezala. Handik Leioako campusera abiatu zen bere autoan eta tiroka sartu zen fakultatean.

Itxasok zehaztu duenez, gazteak irailean lortu zuen ehiza xeherako baimena eta atzo goizean egin zuen eskopeta eskuratzeko transferentzia, horretarako beharrezkoak diren agiri guztiak aurkeztuta.

Besteak beste, azterketa psikotekniko bat gainditu zuen, aurrekari penalik ez zuela frogatu zuen eta dokumentu guztiak egunean zituela erakutsi zuen.   

Erkorekak nahiago izan du ikaslea eraso hori egitera eraman duten arrazoiei buruzko aierurik ez egitea; azaldu duenez, "ikerketa judizialean aztertu beharko dira zergatiak, kasu honetan, gai psikologikoaz ulertzen duten peritu judizialekin". 

Gaztea gaur geratuko da epailearen esku. 21 urteko mutila fakultate horretako ikaslea da, eta mehatxu delitua eta suzko armarekin kalteak egitea leporatzen dizkiote.  

Atzo 18:40an jazo ziren gertakariak. Hainbat lagunek abisua jo zuten 112an eskopetaz armatutako mutil bat tiroka ari zela esanez. Ertzaintzak baieztatu duenez, 25 tiro egin zituen gazteak kartutxodun eskopeta batekin -gehiago izan daitezke hala ere, ikerketa zabalik baitago-,  eta kalte material ugari egin zuen. Fernando Plazaola Fakultateko dekanoak adierazi zuenez, "uste izandakoak baino handiagoak" izan dira eragindako kalteak. 

Azaldu zuenez, ikaslea "fakultatera sartu da eta han dagoen telebista pantailari egin dio tiro, gero igo egin da eta beirateei egin die tiro. Horren ostean, berriro ere jaitsi egin da eta edozeri hasi da tiroka: bitrinei, paretari..."

Zorionenez, inor ez zen zauritu. Are gehiago, tiroka aritu zen mutilak berak gurutzatu zuen orori esan zion ez zela bere asmoa inori min egitea, Fakultateari egin nahi ziola eraso. 

Ertzaintzak 19:20ean aurkitu eta atxilotu zuen, Via Julian, Arboretum inguruan. 

Atxilotuari buruz, Fernando Plazaola dekanoak ETBri egindako adierazpenetan esan zuen espediente "oso-oso ona" duela ikasle horrek eta "bestelako arazoren bat" izango duela. 

EHUko Leioako campuseko tiroketaren lekukoa: ''Denok korrika atera gara eta mutila ikusi dugu eskopetarekin''
EHUko Leioako campuseko tiroketaren lekukoa: ''Denok korrika atera gara eta mutila ikusi dugu eskopetarekin''
EHUko Leioako campuseko tiroketaren lekukoa: ''Denok korrika atera gara eta mutila ikusi dugu eskopetarekin''

3:06

Bestalde, Zientzia eta Teknologia Fakultatean klaseak normaltasunez eman dituzte ostegun honetan, langileak atzoko kalteak garbitzen eta konpontzen ari diren bitartean.

Eva Ferreira EHUko errektoreak eta bere gobernu taldeak bilera egin dute Unibertsitateko fakultate eta eskola guztietako arduradunekin, eta lasaitasunerako mezua igorri dute.

"Atzoko gertaera larriaren ondoren, fakultateak bere ohiko jarduera berreskuratu du arlo guztietan. Elkartasuna adierazi nahi diet gertakari tamalgarri honek eragindako unibertsitate-komunitateko pertsona guztiei, eta, aldi berean, zorionak eman nahi dizkiet unibertsitateko langileei eta Ertzaintzari esku-hartze azkar eta eraginkorragatik", azpimarratu du ohar batean EHUko errektoreak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, dena "susto handi batean geratu da" segurtasun protokoloek funtzionatu egin zutelako. Zentzu horretan, Ertzaintzak "arin jardun" izana eskertu du.

Gazteari buruz eta horrek tiroka hasteko eduki zitzakeen arrazoien inguruan, ez du iruzkinik egin nahi izan, eta argitu du unibertsitateak erabakiko duela ikaslea kanporatzen duen ala ez.

"Oso gai pertsonala eta subjektiboa da. Landu beharko den gai bat izan beharko da, alegia, zerk bultzatu duen egoera horretara. Landu beharko da gazte horren onerako eta guztion onerako", adierazi du Eusko Legebiltzarreko pasilloetan.

EHUko ikaslea: 'Hasieran ez diogu garrantzirik eman, baina gero flipatu egin dugu, AEBn geundela ematen zuen'
EHUko ikaslea: 'Hasieran ez diogu garrantzirik eman, baina gero flipatu egin dugu, AEBn geundela ematen zuen'
EHUko ikaslea: 'Hasieran ez diogu garrantzirik eman, baina gero flipatu egin dugu, AEBn geundela ematen zuen'

0:26
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak