Gizartea -

''Hiri osasungarria''

Bilbok 49 eraikin zabalduko ditu asteburu honetan, bosgarren Open House jaialdian

Iaz bezalaxe, osasun egoeraren aurrean segurtasun eta kontrol arrazoiengatik, eraikinak Bilbon zabaltzera mugatuko dira, eta bisitetan zein jardueratan parte hartzeko hitzordua hartzea beharrezkoa izango da. Gaur eta bihar, EITBren Bilboko egoitzako ateak zabalduko dituzte herritarrentzat.

Open House jaialdiaren bosgarren edizioa izango da asteburuan, Bilbon. Irudia: EiTB Media
Open House jaialdiaren bosgarren edizioa izango da asteburuan, Bilbon. Irudia: EiTB Media
Open House festibalaren edizio berria izango da asteburuan “Hiri osasuntsua” lemapean

1:36

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbok 49 eraikin irekiko ditu asteburu honetan, bosgarren Open House jaialdian. Ateak zabalik, arkitektura eta hirigintza ekitaldi nagusia da mundu mailan, eta aurten "Hiri osasungarria" izango du izenburu.

Iaz bezalaxe, osasun egoeraren aurrean segurtasun eta kontrol arrazoiengatik, eraikinak Bilbon zabaltzera mugatuko dira -beste urte batzuetan Barakaldora eta Getxora zabaldu zuten-, eta bisitetan zein jardueratan parte hartzeko hitzordua hartzea beharrezkoa izango da, Udalak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Bosgarren Open House jaialdiarekin, Bilbok 45 hiri baino gehiagorekin bat egingo du urriaren 16an eta 17an, Udalak azpimarratu duenez. Open House Worldwide Nazioarteko Sarea osatzen dute guztiek, arkitekturaren eta hirigintzaren defentsan.

Jaialdia osasun egoerara egokituko da, eta "Hiri osasungarria" gaia izango du aurten, covid-19 pandemiak utzitako "errealitate berriarekin" lotuta.

Egitarauaren bidez jaialdiak gogoeta bat planteatu nahi du: hiriek erronka ikaragarria dute osasuna eta ongizatea hobetzeko motor gisa.

12 berritasun

Jaialdiaren edizio berrian 49 eraikin zabalduko dituzte hiri osoan, horietako 12 nobedadeak izango direlarik: Ametzola geltokia, Fesa-Ercross pabiloia, IED Kunsthall eraikina, BETA II-AsFabrik eraikina edo Etxebarriko Ekaitz Andela.

Eleiz Museoa, Deustuko Unibertsitatea, Bilboko udaletxea, Chavarri, Olabarri eta Ibaigane jauregiak, Azkuna Zentroa, Erriberako Merkatua edo Arte Ederretako Museoak errepikatuko dute.

Eraikinak zabaltzeaz gain, Open House jaialdiak jarduera osagarriak eskainiko ditu: familientzako tailerrak, ibilbideak hirian barna, ibilbideak bizikletan eta nabigazioa itsasadarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia San Mames Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bilboko Arte Ederren Museoa Open House Bizkaia frontoia