Itxi

2021/10/20

17:04

Gizartea

Mediterraneoa

105 pertsona lagundu eta 24 ordu geroago, lehorreratzeko toki segururik gabe jarraitzen du 'Aita Mari' ontziak

Agentziak | EiTB Media

SMH gobernuz kanpoko erakundeak ziurtatu duenez, "Maltak eta Italiak itsas erreskateko operazioan edozein erantzukizun baztertu dute".

  • 'Aita Mari' ontzia. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

    'Aita Mari' ontzia. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aita Mari ontziak 105 pertsona migratzaile lagundu zituen asteartean, Mediterraneoan jitoan zegoen egurrezko ontzi batetik erreskatatu zituen, hain zuzen ere. Erreskatea burutu eta 24 ordu geroago, "lehorreratzeko toki segururik" gabe jarraitzen dutela salatu du euskal ontziak.

SMH gobernuz kanpoko erakunde gipuzkoarrak ziurtatu duenez, "Maltak eta Italiak itsas erreskateko operazioan edozein erantzukizun baztertu dute".

SMHren hitzetan, "Maltak ekintza erreskate operazio bezala aitortzea saihestu du", eta "migratzaileak itsas zabalean" salbatu dituztela erantsi du, nahiz eta ondoren "estatuen arteko lankidetza eskatu, lehorreratzeko toki seguru hurbilena zehazteko".

"Era berean, Italiak erreskatea bere erantzukizunetik at dagoen eremuan egin dela dio", kritikatu du gobernuz kanpoko erakundeak.

SMHk azaldu duenez, ontzia jitoan zegoen, helmugara iritsi ezinda, 105 pertsona zeramatzala, horien artean bi adingabe, eta batzuk gaixorik, "salbamendu baliabiderik eta laguntza eskatzeko modurik gabe".

Gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazi duenez, "itsas operazio batean murgildutako ontzi eta Estatu bakoitzaren erantzukizuna argi eta garbi zehazten duten ebazpen legal ugari daude". Konkretuki, Europako Parlamentuko 656/2014 legedia eta 2014ko maiatzaren 14ko Kontseiluaren arauak aipatu ditu SMHk: "mugak zaintzeko arauak eta laguntza humanitarioa bideratzeko eta koordinatzeko mekanismoak izatera behartzen ditu estatuak".

Horregatik, Espainia, Malta eta Italiako gobernuei eta Europako Batzordeari "araudian ezarritakoa" betetzea eskatu die, eta "lehenbailehen lehorreratzeko toki bat zehaztea".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;