Gizartea -
Behin-betiko epaia
Senarra hil zuen Tafallako emakumeari hiru urteko zigorra ezarri diote
Hala ere, litekeena da kartzelara ez joatea, familiak indultua eskatu baitu, zigorra hiru urtetik bi urtera murrizteko helburuarekin.
Erredakzioa
Maria Pilar Marcos Rubio Tafallako emakumeari hiru urteko kartzela ezarri diote gaur, 2009ko azaroan bere senarra hiltzea egotzita. Emakumeak zigorra onartu du eta, ondorioz, ez dute epaiketa errepikatuko, Nafarroako Justizia Epaitegiak agindu bezala.
Tafallako kasuan, behin-betiko epaia da gaur adostu dutena.
Epaimahaiak Marcos Rubio absolbitu egin zuen, baina gero epaia indargabetu egin zuten eta orain, hiru urteko kartzela zigorra onartu dute bi aldeek.
Hala ere, litekeena da kartzelara ez joatea, familiak indultua eskatu baitu, zigorra hiru urtetik bi urtera murrizteko helburuarekin.
Defentsaren eta Fiskaltzaren arteko akordio bati esker, emakumea ez dute berriro epaituko. Hori izan zen, hain zuzen, bost seme-alaben helburua. Emakumeak 40 urtez senarraren tratu txarrak salatu zituen epaiketan zehar.
Maria Pilar Marcosek bi hilabete eta erdi eman zituen espetxean. Kartzela berriro saihesteko, indultu partziala eskatu du familiak.