Gizartea -
Garraio publikoa
Jaurlaritzak Gasteizko tranbiaren ibilbidea luzatuko du
Angulematik abiatuko da eta Ballester Apezpikuaren kaleraino iritsiko da zati berria. 2015erako amaitzea espero dute eta 18 eta 20 milioi euro arteko inbertsioa izango du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Gasteizko tranbiaren ibilbidea luzatuko du hiriaren ekialdean egingo dituen sei geltokirekin. Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Aldundiak eta Udalak elkarlanean adostu dute erabakia tren alorreko adituei entzun ondoren, eta hautu hori egin dute "sozialki eta ekonomikoki errentagarriena" izango delakoan.
Zati berria Angulematik abiatuko da Ballester Apezpikua kaleraino, bi kilometroko ibilbidean. Tarte horretan sei geltoki berri jarriko dituzte eta 18-20 milioi euro inguruko kostua izango du.
Erakundeen arteko akordioari esker, ikerketa informatikoa esleitzea izango da hurrengo pausoa, eta ondoren eraikitzeko proiektua idatziko dute. Hori horrela, Javier Maroto alkateak aurreratu du 2015erako martxan egongo dela zati berria.
Tranbiaren ibilibide berria 70.000 biztanlerengana iritsiko da eta urtero 2 milioi bidaiari gehiago izango ditu. Jaurlaritzako, Aldundiko eta Udaleko ordezkariek azpimarratu dute erakundeek bat egin dutela proiektuarekin. Hala eta guztiz ere, horrekin ez omen da dena amaituko, aurrerantzean Salburuara edo Zabalganara iristeari ateak irekitzen baitzaizkio.