Gizartea -
DELITUAK
Zazpi gazte atxilotu dituzte Bilbon, sei adin txikikoak, labanarekin mehatxatuz lapurreta egiteagatik
Ertzaintzak jakitera eman duenez, atzo iluntzean izan ziren atxiloketak. Kalean zeuden hainbat herritarrei dirua, mugikorra edota bitxiak lapurtu zizkieten.
EITB MEDIA
Zazpi gazte atxilotu zituzten, atzo iluntzean, Bilbon, labana batekin mehatxu eginez, kalean zihoazen oinezkoei lapurretak egiteagatik. Atxilotuetako batek 21 urte ditu, eta gainerakoak adin txikikoak dira.
Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman duenez, 22:00ak inguruan jaso zuten herritar baten abisua, Salbeko Zubiaren inguruan, hainbat gaztek eraso egin ziotela esanez. Agenteak bertaratu zirenean, han zeuden beste hainbat lagunek jakinarazi zieten, antzeko erasoa pairatu zutela.
Erasotzaileak bilatzeko operatiboa abiatu zuen Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlanean, eta inguruko kale batean aurkitu zituzten ustezko lapurrak. Horietako batzuk, ustez eurenak ez ziren hainbat mugikor zituzten. Bi labana ere atzeman zizkieten.
Tokian bertan atxilotu zituzten zazpi gazteak, eta polizia-etxera eraman zituzten, indarkeria eta larderia erabilita lapurreta egitea egotzita.
Adin Txikikoen Fiskaltzari atxiloketen berri eman ondoren, sei adingabeak aske utzi dituzte, euren legezko arduradunen zaintzapean. 21 urtekoa, berriz, Bilboko Zaintzako Epaitegira eramango dute datozen orduotan, epaileak deklarazioa har diezaion.