Gizartea -
Bilbon
Kutxabanken aurrean kanpatu du etxea ordainean ematea onartzeko
Gose eta egarri greba abiatu du Marta Uriartek, bankuak etxea ordainetan ematea onar dezan. Baina, 12 ordu bertan egin ondoren, etxera eraman behar izan dute, hipogluzemiak jota.
Erredakzioa
Marta Uriarteren etxebizitza martxoaren 8an enkantean jarriko dute Getxon. Horregatik, Kutxabanken egoitzaren aurrean, Bilbon, kanpatzea erabaki du eta gose eta egarri greba hasi du, BBK-k etxea ordainean ematea eskatzeko.
Edonola ere, 12 ordu baino ez ditu eman greban. Izan ere, hipogluzemia batek jo du Marta, eta bere etxera eraman behar izan dute. Stop Desahucios elkarteak ohar batean iragarri duenez, bere osasun egoerak onera egin bezain pronto grebari ekingo dio berriz.
2007an erosi zuen etxea, baina Gobela ibaiko uholdeak jasan zituen eta 2008an, gainera, lanik gabe geratu zen. Aldi berean, bere senarraren enpresak porrot egin zuen, eta 2011ko apirilean BBK-k desjabetze prozesua hasi zuen.
"Hasieran Kutxabankekin akordio batera iristen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen; 20.000 euro jartzen bagenituen, gaia negoziatuko zutela esan ziguten, baina guretzat ezinezkoa zen", esan du Uriartek.
"Orain hilabete batzuk, egoerak okerrera egin zuela ikusita, etxea ordainean emateko aukera eskatu nion bankuari, zorrarekin ez geratzeko, baina ukatu egin ziguten", esan du.
Marta 8 urteko neskato baten ama da, eta "gaixotasun larri bat" du. Egun lanaldi-erdiko lan bat du eta bankuak etxea ordainetan emateko baldintzak betetzen dituela uste du.
Uriarteren esanetan, bere etxeak "ez du ezer balio", uholdeek harrapatu zutenetik kalteak dituelako, eta "inork nahi ez duen zona batean dago", gaineratu du. "Ezin da saldu".