Gizartea -

Ezkontzen estatistikak

2019an izan ziren ezkontzen aldean erdiak baino gutxiago ospatu dira 2020an EAEn

Iaz izan ziren 4.057 ezkontzetatik, 3.911 heterosexualak izan ziren eta 146 sexu bereko pertsonen artekoak; ezkontza zibilak izan ziren % 97,2. Ezkontideen adinak gora egin du, bai eta aurrez banandutako ezkontideen arteko ezkontza kopuruak ere.

Eraztunak.
Eraztunak.
Eraztunak.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020an 4.057 ezkontza ospatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urtean baino % 45,7 gutxiago. Apirilean, zehazki, 2019ko apirilean baino % 96,2 gutxiago izan ziren ezkontzak, Eustatek emandako datuen arabera.

EAEko ezkontza-tasa minimo historikora iritsi da, mila biztanleko 1,7 ezkontzarekin, Espainiakoa (% 1,9) baino baxuago, baita Europar Batasunekoa (27 herrialde) baino baxuagoa ere (% 4,3koa zen 2019an, hori da azken datua, eta pandemiaren aurrekoa).

Sexu desberdineko pertsonen artean 3.911 ezkontza izan ziren (aurreko urtean baino 3.354 gutxiago) eta 146, berriz, sexu berekoen artean, 2019an baino % 29,1 gutxiago (206 ezkontza izan ziren orduan). Aipatu behar da, 2012tik, emakumeen arteko ezkontzak gizonen artekoak baino ugariago izan direla, ezkontza homosexualen % 65,8 izatera iritsiz.

Ezkontza zibilek gora egiten jarraitzen dute eta ezkontza heterosexualen % 93,6 dira, aurreko urtean baino 6,4 puntu gehiago. 1990ean ezkontza zibilak guztizkoaren % 23 baino ez ziren. Ezinbestean izaera zibilekoak diren ezkontza homosexualak ere kontuan hartzen badira, ezkontza zibilen ehunekoa % 97,2ra igotzen da.

Ezkontzeko adinak gora egiten jarraitu du 2020an; izan ere, gizon ezkongabeak 39,2 urterekin ezkondu ziren batez beste, eta emakumeak 37,1 urterekin. 2019an, senar-emazteen batez besteko adina 37,7 eta 35,7 izan zen, hurrenez hurren. Bi ezkontideen arteko adin-aldeak egonkor jarraitzen du eta 2 urte ingurukoa da.

Era berean, 2020an gora egin du ezkontza heterosexual dibortziatuen senar-emazteen kopuruak. Aurretik dibortziatuta zeuden senarren eta emazteen ehunekoa % 19,4koa eta % 18,6koa izan zen, hurrenez hurren; 2019koak baino balio handiagoak, orduan % 15,2koa eta % 14,6koa izan baitziren.

Eustatetik adierazi dutenez, 2020an ospatu diren erdiak baino gehiago, % 51,3 ostiralez ospatu dira eta % 27,3, berriz, larunbatez. 2017tik nabari da joera aldaketa, eta horren atzean dauden arrazoiak, ezkontza zibilen gorakada, horien ia erdiak 2009tik hona ostiralez ospatzea eta erlijio-ezkontza kopuruaren beherakada dira. 

2020an, sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzetako ezkongaien nazionalitateari dagokionez, 1.064 ezkontzatan (ezkontza guztien % 27,2) gutxienez ezkontide bat atzerritarra da. 2019an, ehuneko hori % 20,4koa zen. Ezkontza horien % 42,5ean emazteak du atzerriko herritartasuna (batez ere Kolonbia, Nikaragua, Brasil,  Errumania eta Frantzia), % 18,2an senarrak (Portugal, Alemania, Frantzia, Kolonbia eta Maroko) eta gainerako % 39,3an bi ezkontideak atzerritarrak dira (nagusiki amerikarrak, eta afrikarrak).

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei dagokienez, ezkontzen % 77,4an espainiar herritartasuna zuten bi ezkontideek, % 12,3an bietako bat zen atzerritarra eta % 10,2an biak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak