Gizartea -
Presoak
Iruñeko espetxean preso zegoen emakume baten heriotza salatu du Salhaketa Nafarroak
Elkarteak Nafarroako Gobernuari gogorarazi dio berak duela espetxe osasunaren eskumena, eta zerbitzu mediko presentzial iraunkorra lehenbailehen ezartzeko eskatu dio. Azken orduetan, hildakoaren ziegako kidea atxilotu dute.
O. P. | Eitb Media
Salhaketa Nafarroa presoen aldeko elkarteak egindako salaketaren arabera, azaroaren 8an emakume bat hil zen Iruñeko espetxeko emakumeen moduluan. Ohar batean azaldu dutenez, "ziegako kideak eman zuen abisua, ziegako interfonotik, eta espetxearen nahiz osasun profesionalen esku-hartzea ez zen izan halako egoera batean espero behako litzatekeen bezain bizkorra".
Nafarroako Gobernuak abuztuan bereganatu zuen Iruñeko espetxeko osasun eskumena, baina, elkartearen esanetan, oraindik ez dute 24 orduko guardiako mediku zaintza presentzialik jarri, "hain beharrezkoa denean zerbitzu hori, presoen osasun behar bereziak aintzat hartzen badira behintzat". Horregatik, Salhaketa Nafarroak Foru Gobernuari eskatu dio ezar dezala berehala osasun zerbitzu hori.
Bestalde, Nafarroako egunkariek jakitera eman dutenez, azken orduetan hildakoaren ziegako kidea atxilotu dute.
Era berean, Salhaketa Nafarroak azpimarratu du beharrezkoa dela osasun zerbitzuen funtzionamendu eta esku-hartze protokoloak berrikustea, bai eta espetxeak osasun zerbitzuei abisu emateko protokoloak ere.
Gainera, irmo eskatu dio Nafarroako Gobernuari "gertakari honi aurre egin ahal izateko arreta psikologikoa eskatzen duten emakume preso guztiei arreta hori premiaz eskaintzeko".
Salhaketa Nafarroak salatu du heriotza hau zerrenda luze bat handitu duela. Hala, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren datuen arabera, 2015eko urtarrila eta 2019ko abendua artean, bere eskumeneko espetxeetan preso zeuden 862 pertsona hil ziren. 2020an, 204 hil ziren, eta giza eskubideen aldeko elkarteek diotenez, 2021ean gutxienez 67 dira orain arte hildakoak, baina "datu ofiziala askoz ere handiagoa izango da", horien hitzetan.
Foru Gobernuak zuhurtzia eskatu du
Eduardo Santos Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak bere atsekabea eta doluminak helarazi dizkie hil den emakumearen senide eta lagunei, "espetxeetan gertatzen diren heriotza guztiak zorigaitzak direlako".
Halaber, "zuhurtzia" eskatu du ikerketa judiziala martxan delako eta autopsiak erakutsiko duelako zerk eragin duen haren heriotza.
Santosek onartu du ardura duela heriotza honetan, abuztuaren 1ean espetxe barruko osasunaren eskumena bere gain hartu baitzuen; hala ere, eskumena biren artekoa dela esan du, eta "zaintza betebeharra, batez ere, espetxe-administrazioarena da", horren ustez.
Horren harira, Nafarroako Justizia kontseilariak adierazi du Espetxe Osasuneko batzorde mistoa deitzeko betebeharra dutela, eta iragarri du laster deituko dutela bilera, kasu honetatik harago, arreta hobetzeko eta, hala badagokio, horrelako gertakariei aurrea hartzeko zer neurri har ditzaketen aztertzeko.