Gizartea -

Gripea

Gaurtik aurrera edonork eska dezake gripearen kontrako txertoa hartzeko hitzordua Osakidetzan

Osakidetzak, orain arte, 287.500 dosi baino gehiago jarri ditu, arrisku taldeetakon artean batez ere, horietatik % 82, 65 urtetik gorakoei. Txanda hartzeko web-orria erabiltzea gomendatzen du Osakidetzak, telefono-lineak osasun-asistentziarako libre uzteko

Emakume bat gripearen txertoa jasotzen. EFE
Emakume bat gripearen txertoa jasotzen. EFE
Emakume bat gripearen txertoa jasotzen. EFE

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa-kanpainarekin jarraitzen du, eta, gaurtik aurrera, azaroak 15, hala nahi duen orok hitzordua hartu ahalko du, arrisku-taldekoa izan hala ez. 

Urriaren 18an kanpaina abiatu zutenetik, Osakidetzak 287.500 dosi baino gehiago jarri ditu, gehienak, % 82, 65 urtetik gorako herritarrei.

Aste honetatik aurrera, nahi duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, iaz egin zen bezala, immunitate kolektibo handiagoa lortzeko.

Hitzordua hartzeko, web-orria erabiltzea gomendatzen du Osakidetzak, telefono-lineak osasun-asistentziarako libre uzteko; halere, online tresna horren bidez hitzordua hartzeko arazoa dutenek osasun-zentrora deituta emango zaie txanda. Deitzen dutenean, hainbat aukera emango zaizkie, eta 2. aukera izango da hautatu beharrekoa. 

2019an baino % 30 dosi gehiago jarri dira aurten, kanpainaren lehen zatian. 2020an baino % 15 gutxiago dira, baina kontuan izan behar da 2020an, pandemiaren ondorioz, salbuespenezko parte-hartzea izan zela.

Era berean, 70 urte edo gehiago dituzten eta gripearen aurkako txertoa hartu dutenen % 35i covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jarri zaie aldi berean. Osakidetzak gogorarazi duenez, hirugarren dosi hori jarri ahal izateko, beharrezkoa da bigarrena hartu zenetik sei hilabete pasatu izana. 

Gripearen aurtengo kanpainarako, Osakidetzak txerto laukoitza aukeratu du, gripearen anduien aurkako babesa areagotzen baitu. Zehazki, 651.333 dosi eskuratu ditu, guztira; kopuru hori % 20 handitu ahalko da, eskari handiagoa badago.

Txertoa jartzeaz gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dutenez, gripeaz kutsatzea saihets daiteke, hein batean behintzat, neurri batzuk beteta: eskuak maiz garbituta, jendetzak saihestuta, espazio itxiak aireztatuta eta maskara erabilita (nahitaezkoa da barrualdeetan zein kanpoaldeetan, segurtasun-distantzia gorde ezin bada).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Txertoak egutegia Maskarak gaur