Gizartea -
2021-2024 Agenda Estrategikoa
Pertsona migratzaileek euskara ikasteko programak indartzea, integrazioan laguntzeko
Era berean, B2 mailara arte euskara doan irakastea eta 16 eta 30 urte arteko herritarrentzat C1 maila doakoa izatea planteatu du estrategiak.
Agentziak | EiTB Media
Pertsona migratzaileei zuzendutako euskara ikasketa programak indartzeko eta areagotzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, arlo sozioekonomikoan zein hezkuntzan.
Euskararen 2021-2024 Agenda Estrategikoa astearte honetan aurkeztu du Euskararen Aholku Batzordeak. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izan da.
Eusko Jaurlaritzak agenda azaroaren 2an onartu zuen. Legealdiko hizkuntza politikaren helburu estrategikoak eta lan ildoak definitzen ditu agiriak.
Helburuen artean, euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, esparru soziokultural, ekonomiko, digital eta sektore publikoan gehiago erabiltzea, hizkuntza eskubideen errespetuan eta hizkuntza elkarbizitza normalizatuan aurrerapausoak ematea, eta euskal lurralde guztietako erakundeen artean lankidetza sendotzea.
Ekimen zehatzen artean, pertsona migratzaileentzako programak areagotzea, haien integrazio sozial eta laboralean laguntzeko.
Era berean, B2 mailara arte euskara doan irakastea eta 16 eta 30 urte arteko herritarrentzat C1 maila doakoa izatea planteatu du estrategiak.
Gidabaimenak euskaraz lortzeko baliabideak ere jarriko dituzte, Trafiko Zuzendaritzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen lankidetzarekin.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza Teknologien Egitasmoa onartu eta garatu nahi du, eta euskararen presentzia areagotu arlo digitalean, euskarazko edukiak sortuz.