Gizartea -

Eustat

Tumoreak dira EAEn heriotzen kausa nagusia

Bestalde, zirkulazio istripuek eragindako heriotzak % 73 jaitsi dira azken 10 urteetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tumoreek eragindako heriotzen kopurua % 12 igo da EAEn azken hamarkadan, eta alzheimerrak eragindako heriotzen kopurua, berriz, bikoiztu egin da.

Eustat, Euskal Estatistika Erakundeak EAEn 2010ean izandako heriotzen inguruko datuak kaleratu ditu, 19.357 pertsona hil ziren guztira, 2009an baino 267 gutxiago.

Tumoreek eragin zituzten 2010ean heriotzen % 31,1, hots 6.021; zirkulazio-aparatuko gaixotasunek %29,3 (5.675 hildako), eta hirugarren tokian, urrunago bada ere, arnas aparatuko gaixotasunek %8,7 (1.691).

Gaixotasun garrantzitsuenen hiru talde hauen prebalentzia aldatuz joan da azken hamarkadan. Tumoreek eragindako heriotzak % 12 hazi dira; kardiobaskularrek eta arnasbideetakoek eragindakoak, berriz, % 4 eta % 14 murriztu dira.

Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreek eragin zituzten gehienak; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta ondoren tumoreak.

Estatistikan jasotako beste datu esanguratsu bat: azken hamar urteetan dementziek eragindako heriotzak % 85 igo dira (1.101 heriotza 2010ean) eta endekapenezko gaixotasunen artean alzheimerrak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira.

Bestalde, zirkulazio istripuek eragindako heriotzak % 73 jaitsi dira azken 10 urteetan. Erorikoek eragindako heriotzak 136 izan ziren; 131 pertsona hil ziren bere buruaz beste eginda, eta zirkulazio istripuen ondorioz, 82.

2010ean hildakoen batez besteko adina, 78,1 urte; 2000ean, aldiz, 74,7.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea