Gizartea -
Errezeta aldatu dute
Coca Colak eta Pepsik formula aldatu dute minbiziaz ez ohartarazteko
Californiak minbizia sor dezaketen substantzien zerrenda bat kaleratu ostean sortu da alarma. Bertan 4-metilimidazol osagaia sartu dute, Coca Colak eta Pepsik erabiltzen dutena, alegia.
Erredakzioa
Coca-colak eta Pepsik euren formulen osaketa aldatu behar izan dute ontzietan minbiziaz ohartarazten duten txartelak jartzea saihesteko.
Alarma Californiako Estatuak minbizia eragin dezaketen substantzien zerrenda bat kaleratu ostean piztu da. Bertan, Coca-colak eta Pepsik euren edarietan erabili ohi den osagai bat sartu dute, 4-MEI (4-metilimidazol) izenekoa, alegia.
Coca- colak eta Pepsik dagoeneko euren errezeta aldatu dute Californian, 4-MEI osagaiaren kopurua murrizteko eskatu dute. Formula aldaketa, laster, AEBetako estatu guztietara zabalduko dute.
Osagai hori aldatu ezean, bi konpainiek lata eta ontzietan minbiziaren arriskuaz ohartarazten duen txartela jarri behar zuten Kaliforniako agintariek hala aginduta.
Rafael Urrialde, Espainiako Coca-colako nutrizio eta osasun saileko arduradunak adierazi duenez, formularen osaketa aldaketa, hasiera batean behintzat, ez dute beste herrialdeetara zabalduko, "osagai hori osasunerako arriskutsua" ez dela argudiatuta "eta "munduko beste herrialdeetan ez du inolako arazorik sortu", erantsi du.
"Edariak ez dira batere arriskutsuak. Gertatu dena zera da, Kaliforniako agintariek ontzietan 4-MEI osagaiaren inguruko ohartarazpena jartzea nahi dutela. FDA, AEBetan, osasunaren alde jarduten duen erakunde batek arratoiekin egindako ikerketa baten harira" esan du Urrialdek, baina ikerketa horretan jasotako emaitzak ezin direla gizakien kasuan aintzat hartu esan du.
FDAk adierazi duenez, pertsona batek egunean 1.000 lata Coca-cola edo Pepsi edan beharko lituzke arratoiekin egindako ikerketaren emaitzak lortzeko.
Halaber, AEBetako Edarien Elkarteak ere osagai horrek osasuna arriskuan jartzen duen zantzurik ez dagoela adierazi du BBCn.