Gizartea -

KORONABIRUSA

Kutsatze mailarik handiena 6 eta 12 urte bitarteko adin tartean dagoela azpimarratu du Sagarduik

Osasun sailburuak ohartarazi duenez, txertatu gabeko pertsonek ospitalean amaitzeko lau edo bost aldiz arrisku handiagoa dute.

Gotzone Sagardui
Gotzone Sagardui
Gotzone Sagardui: ''Ospitaleetako egoera beste batzuetan baino hobea da, baina arriskua hor dago''

1:38

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren kutsatzeak gora egiten ari diren honetan, intzidentzia mailarik altuena 6 eta 12 urte bitarteko adin tartean dagoela adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Azken orduetan 639 positibo berri zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 247,17koa da. Hala ere, gaur-gaurkoz ospitaleetako egoera beste batzuetan baino hobea dela onartu du. Halaber, txertatu gabekoek ospitalean amaitzeko lau edo bost aldiz arrisku handiagoa dutela ohartarazi du eta txertatzeko deia egin die oraindik hartu ez duten herritarrei.

Gotzone Sagarduik Donostiako Onkologikoko instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean. Bisitaren ondorengo prentsaurrekoan eta kazetarien galderei erantzunez, kutsatze mailarik handiena 6 eta 12 urte bitarteko adin tartean dagoela azpimarratu du Sagarduik. Oro har, gaixotasunari modu positiboagoan erantzuten diotela onartu arren, ospitaleratutako adin txikikoak badaudela adierazi du. 12 urtez azpikoen txertaketari lotuta, laster adin talde horrentzako txertoa prest izatea espero du.

Pandemiaren goranzko joeraz ohartarazi du: "Zenbat eta kasu gehiago izan handiagoa da ospitaleratzeak izateko arriskua". Azken 24 orduetan 639 positibo hauteman dituzte EAEn (atzo 691 ziren).

Ospitaleetako egoera beste batzuetan baino hobea dela aitortu arren, kutsatze kopurua altua den bitartean arriskuak hor jarraituko duela ohartarazi du.

Hori guztia dela eta, prebentzio neurriak eta Osasun Sailak argitaratutako aginduetan jasotzen diren neurriak betetzearen garrantzia nabarmendu du. Gaineratu duenez, neurri horiek betetzea eta zuhurtzia funtsezkoak izango dira pandemiaren goranzko joera hori iraultzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Medikuntza albisteak Koronabirusaren olatua gaur Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022