Gizartea -

Ikus-entzunezko lege berria

Euskarak, katalanak eta galegoak % 6ko kuota izango dute ikus-entzunezko plataforma guztietan

Lege berriaren arabera, plataformetan eskainitako 100 filmetik 30 Europan ekoitziak izan beharko dira eta, horietatik, 6 hiru hizkuntza koofizialetako batean, hau da, % 6.

Netflix plataforma pantaila batean. Artxiboko irudia: pexels.com
Netflix plataforma pantaila batean. Artxiboko irudia: pexels.com
Netflix plataforma pantaila batean. Artxiboko irudia: pexels.com

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikus-entzunezko plataforma guztiek eskainitako edukiaren % 6 hizkuntza koofizialetan (euskara, katalana eta galego) izan beharko da, Exekutiboa prestatzen ari den eta ERCrekin adostu duen Ikus-entzunezko Lege berriaren arabera. Horrela, 2022ko aurrekontuak aurrera ateratzea eta Legealdia bideratzea posible izango da.

Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak itunaren berri eman du prentsaurrekoan, Kongresuan. Lege berriaren arabera, plataformetan eskainitako 100 filmetik 30 Europan ekoitziak izan beharko dira eta, horietatik, 6 hiru hizkuntza koofizialetako batean, hau da, % 6.

Gainera, ikus-entzunezko ekoizpenari % 5eko zerga bat ezartzea adostu dute, eta zergarekin bildutakoaren % 10 hizkuntza koofizialen ekoizpena finantzatzera bideratuko dute.

Rufianek Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailearekin batera iragarri du akordioa. Bestalde, 2022ko aurrekontuetan Esquadra Mossoen aurretiazko erretiroa Ertzaintzakoarekin parekatu dute, hau da, 60 urtetan finkatu dute.

Ikus-entzunezko Legearen inguruan, oraindik akordioa zabaltzeko bidea dagoela azpimarratu du ERCko ordezkariak; izan ere, Europako zuzentarauaren arabera transposizioa abenduak 13 baino lehen izan behar da. Zentzu horretan, "gutxieneko" adostasun batera heldu direla errepikatu du Rufianek.

Legearen markoan, hizkuntza koofizialetan bikoizketa hizpide izan du Rufianek. Orain arte bikoiztutako eduki bat bazegoela azaldu du ERCko bozeramaileak, baina ez zeuden eskaintzera derrigorturik, eta orain egin beharko dute.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak prentsaurreko berdinean nabarmendu duenez, "Euskal Herriko eta Kataluniako ezker abertzaleari esker aurrekontuak bermatzea lortu du Espainiako Gobernuak".

"Ezkerretik egin daitekeen ezer, ezin daiteke gure babesik gabe egin", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Teknologia Politika Gizartea Telebista Zinema Eguneko albisteak Kultura Albisteak Euskal Zinema