Gizartea -
Bartzelonan
Bikotekide ohia hiltzen saiatu da eta 6 hilabeteko umea abandonatu du
26 urteko gizonezkoa atxilotu dute giza hilketaren saiakuntza eta adingabe bat abandonatzea egotzita.
Erredakzioa
Esquadra Mossoek 26 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bartzelonan, Barbera del Valles herrian, bikotekide ohia hiltzen saiatzea eta 6 hilabeteko umea zaborrontzi baten ondoan abandonatzea egotzita.
Joan den otsailaren 29an atxilotu zuten gizonezkoa, gazte batzuk haurra zaborrontzi baten ondoan aurkitu ostean.
6 hilabeteko neskatoa ongi zegoela ziurtatu eta Sabadelleko Parc Taulí ospitalera eraman zuten.
Egun horretan bertan, zerbitzuz kanpo zegoen mosso batek emakume baten oihuak entzun zituen, laguntza eske. Errepidearen ondoan, ubide batean, topatu zuen, burutik odoletan eta lepoan hainbat zauri zituela; hosto eta adar batzuen azpian zegoen.
Biktimak ez zuen gertatutakoa gogoratzen, baina bere bikotekide ohiak jo eta konortea galdu arte ito egin zuela kontatu zuen. Gainera, 6 hilabeteko alaba eraman zuela salatu zuen.
Emakumea Sabadelleko ospitalera eraman zuten zauriak artatzera.
Poliziak ikerketa baten bidez ondorioztatu duenez, otsailaren 26an, William R.M. 26 urteko boliviarra biktimarekin eta bien alabarekin kotxean zihoala, emakumea gaizki sentitu zen eta autoa gelditzeko eskatu zion. Orduan, ustezko erasotzaileak ito egin zuen, kotxetik atera zuen eta, hilik zegoelakoan, ubidean ezkutatuta utzi zuen, eta 6 hilabeteko haurra, zaborrontzi baten ondoan.
Ikerketaren emaitza horien aurrean, gizonezkoaren bila aritu ziren ordutik, baina gertaera horiek izan eta 3 egunetara, susmagarriak bere burua aurkeztu zuen Terrassako polizia-etxean. Hilketa egiten saiatzea eta adingabe bat abandonatzea egotzita atxilotu zuten.