Gizartea -

Hitzarmena

Euskara ikasteko aukera, Bordelen ere

'Euskara munduan' izeneko programaren baitan, hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Bordeleko euskal etxeak. 60 lagun inguruk ikasi ahal izango dute euskera aurten.

Euskarak gero eta indar handiagoa du Bordelen

01:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bordelen euskara ikasi nahi dutenei beharreko baliabideak eskura jartzeko hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak eta Bordeleko euskal etxeak. Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta David Mujika Bordeleko euskal etxeko arduraduna izan dira ekitaldian.

Hitzarmenari esker, aurten 60 lagun inguruk ikasi ahal izango dute euskara Bordelen, eta guztira 1.000 eskola-ordu inguru finantzatzea aurreikusi dute.

Arrazoi ezberdinek eraginda ari dira Euskal Etxeko ikasleak euskara ikasten. Batzuk, euskal jatorria dutelako edo arrazoi sentimentalek eraginda; beste batzuk, euskara berezia iruditzen zaielako eta hizkuntzaren inguruko jakin-min izugarria dutelako; eta badira euskara ikasten zebilen norbait ezagutu eta, haren eraginez, gozatzeko helburu nagusiarekin dabiltzanak ere.

'Euskara munduan' izeneko programaren baitan sinatu dute hitzarmena. Momentu honetan munduko lau kontinentetako 23 herrialdetako 65 euskal etxetan 2.500 helduk eta 1.500 haurrek baino gehiagok ikasten dute euskara. Gainera, munduko 23 unibertsitatetan ere euskara ikas daiteke.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu duenez, guztira 230.000 euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak nazioartean emango diren euskara-eskolak diruz laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea