Gizartea -

Espainian

Fetu bati birika-gaitz hilgarri baten ebakuntza egin diote lehenengoz

Bartzelonako Clinic Ospitaleak eta Sant Joan de Deu Ospitaleak munduan lehenengoz 26 asteko fetu bat operatu dute, biriketako ohiz kanpoko patologia bat sendatzeko.

Fetu bati biriketako ebakuntza egitea lortu dute lehen aldiz

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Clinic Ospitaleak eta Sant Joan de Deu Ospitaleak munduan lehenengoz 26 asteko fetu bat operatu zuten duela bi urte, biriketako ohiz kanpoko patologia bat sendatzeko. Gaitz horren ondorioz, hamar kasutik bederatzitan, fetua (edo jaioberria) hil egiten da. Ebakuntza egin ostean, haurra 2,54 kilo zituela jaio zen, haurdunaldiaren 38. astean.

Alaitzek 20 hilabete ditu gaur egun, eta bizitza "erabat normala" egiten du. Jaio eta 13 egunera, beste ebakuntza bat egin zioten, eskuineko birikan bronkioetako lesio baten ondorioz kaltetutako lobuluak kentzeko. Haurrak garapen neurologiko eta kardiako normala izan du, baita arnasketan ere.

Haurdunaldiko 20. astean, fetuari heriotza eragin ziezaiokeen lesio bat antzeman zioten Mollet de Vallseko Ospitalean (Bartzelona) ekografia baten bidez, eta, arazoa lehenbailehen sendatzeko, ebakuntza egin zioten endoskopia bidez; 800 gramo besterik ez zuen orduan.

Gaur egun kirurgia fetalak egin ohi dira patologia batzuei aurre egiteko, baina astearte honetan prentsaurrekoan aurkeztutakoa ez da batere ohikoa; halako 40 kasu detektatzen dituzte urtean Espainian eta 300 bat munduan, eta Bartzelonako bi horiek erreferentziazko ospitaleak dira medikuntza fetalaren alorrean.

10.000 fetutatik bakarra

550 haurdunalditatik bakarrak izan ohi ditu anomaliak fetuetan, eta 10.000 fetutatik bakarrak du sortzetiko anomalia hori. Bizitzako bigarren hamarkadan agertu ohi da, Montserrat Castañon kirurgialariak azaldu duenez.

Clínic-Sant Joan de Deu Kirurgia Fetalaren Programak urtean 200 patologia fetal artatzen ditu, eta bi ospitale horietako kideek gaur egun munduan aplikatzen diren hainbat teknika diseinatzen parte hartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea