Gizartea -

Euskara

Europako eta Ameriketako hamar herrialdetan ospatuko dute Euskararen Eguna

Euskararen Eguna dela eta, hitzaldiak eta zine emanaldiak antolatu dituzte, besteak beste, Chicagon, Txileko Santiagon, Moskun, Txekian, Bolonian eta Bartzelonan.  

Euskararen erabileraren aldeko mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Euskararen erabileraren aldeko mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Euskararen erabileraren aldeko mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen Nazioarteko Eguna Europako eta Ameriketako hamar herrialdetan ospatuko da, Etxepare Institutuarekin urte osoan zehar elkarlanean aritzen diren ikasle, irakasle eta zentro kulturalen ekimenez.

Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatzen da eta aste honetarako askotariko ekitaldiak, ikastaroak, hitzaldiak eta zine emanaldiak antolatu dituzte munduko hainbat hiritan, besteak beste, Chicagon, Mexiko Hirian, Txileko Santiagon, La Platan, Moskun, Pragan, Leipzigen, Bolonian eta Bartzelonan.

Ekimen horietako batzuk Internet bidez jarraitzeko aukera egongo dela zehaztuta, Etxepare Institutuak azpimarratu du irakurletza sarea osatzen duten irakasleek euskara eta euskal kultura klaseak emateaz haratago doan lana egiten dutela: "euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile dira atzerrian".

"Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin", erantsi dute ohar batean.

Euskararen Nazioarteko Eguna 1949an egin zuten lehenengo aldiz, Eusko Ikaskuntzak sustatuta. Ofizialki, hala ere, 1995an hasi ziren Euskararen Nazioarteko Eguneko jai, bilera eta bestelako ekintzak, euskal diasporak mundu osoko lehen kongresuaren karietara egin zuen garaian. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak egoki ikusi zuten abenduaren 3a Euskararen Mundu Eguna izendatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Nafarroa Iparraldea Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika