Gizartea -
244 urteren ostean
Entziklopedia Britainiarraren paperezko edizioa desagertu da
Entziklopedia Britainiarraren azken edizioa 2010ekoa izango da, eta 32 alek osatuko dute. Gaur egun, ia luxuzko artikulua da, edizio osoak 1.395 dolar balio baititu.
Erredakzioa
Entziklopedia Britainiarrak, ingelesez argitaratzen den munduko zaharrenak, paperezko edizioa ixtea erabaki du eta edizio digitalera pasatuko da. Orain dela 244 urte argitaratu zuen lehen edizioa Edinburgon (Erresuma Batua), 1768an.
Konpainiak edizio digitalean eta eskolentzako materialak egiten jarraituko du lanean, euren webgunean azaldu dutenez.
Erabakia eduki digitalen eskaerara egokitzeko hartu dute, eta zehazki, Wikipediari lehia egiteko, Jorge Cauz konpainiako presidentearen arabera.
"Asko triste eta nostalgiko egongo dira, baina orain tresna hobea dugu. Webgunea uneoro eguneratuta dago, eduki gehiago daude eta multimediazko edukiak ere badaude".
Entziklopediako ale pisutsuak, urrezko hizkidunak, ohikoak ziren XX. mendean britainiarren eta estatubatuarren etxeetan. Saltzaile ibiltariak atez ate joaten ziren entziklopediak saltzen.
Gaur egun, ordea, ia luxuzko artikulua da, edizio osoak 1.395 dolar balio baititu, eta erosleak, batik bat, enbaxadak eta bildumagileak dira.
Konpainiaren diru-sarreren % 1 soilik dator paperezko entziklopedien salmentetatik. Diru-sarreren % 85 eskola materialen bidez biltzen dute, eta gainontzekoa, webguneko harpidetzen bidez.
Entziklopedia Britainiarra internetera iritsi zen lehena izan zen 1994an, eta egun, edizioa 20 minuturo berritzen da. Urtean, 70 dolar ordaindu behar dira sarbidea lortzeko. Hala ere, edukietako batzuk doan ikus daitezke, nahiz eta konpainiako presidenteak ukatu egin duen doako entziklopedia bilakatzea.