Gizartea -

ARDINES AUZIA

Ardinesen familia: "Epaiak justizia egin du, baina inork ez du sortutako kaltea konponduko"

Eraildako zinegotziaren alargunak eta bi semeek epaimahaiko kideek egindako ahalegina eskertu dute, baita Antonio Pineda abokatuaren lana ere.

Epaiketako argazki bat. Irudia: EFE
Epaiketako argazki bat.
Epaiketako argazki bat. Irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Ardines Llanesko IUko zinegotziaren familiak (2018ko abuztuaren 16an erail zuten, etxetik gertu) ostegun honetan adierazi duenez, epaimahaiaren erabakiak "justizia egin du", nahiz eta inork ezin duen bere hiltzaileek eragindako kaltea konpondu.

Epaimahaiak aho batez ebatzi du Pedro Nieva zornotzarrak agindu zuela Ardines hiltzea, bere emaztearekin maitasun harreman bat zuela jakin zuenean. Horretarako Jesus Muguruzarekin jarri zen kontaktuan eta honek kontratatu zituen hilketa burutu zuten bi sikarioak.  

Hildako zinegotziaren alargunak eta bi semeek agiri bat kaleratu dute ostegun honetan, epaimahaiko kideen ahalegina eskertzeko, "epaiaren emaitza edozein izanda ere, herritarrekin duten betebeharra guztiz bete dutelako".

Guardia Zibileko agenteek egindako lan zorrotza ere eskertu diote, eta eskerrak eman dizkie, baita ere, Antonio Pineda abokatuari, azken hiru urteetan egindako lanagatik.

Era berean, kazetarien lana azpimarratu dute, "objektibotasuna eta senideen eta lagunen egiaren eta sufrimenduaren aurrea erakutsi duten errespetuagatik, eta eskerrak eman dizkiete "bizi izandako une zailetan" babesa eta elkartasuna erakutsi dietelako.

Epaimahaiak aho batez erruduntzat jo zituen atzo lau akusatuak, Ardines hiltzeagatik; izan ere, Belmonte de Príako (Llanes) bere etxetik gertu zegoen bide batean segada bat jasan zuen bidea oztopatzen zioten hesi batzuk kentzeko ibilgailutik jaitsi ostean. Piperrautsezko espraia bota zioten, beisbol makila batekin eta bate batekin kolpatu zuten eta, ondoren, ito egin zuten.

Epaile-epaimahaiburuak epaia emango du datozen egunetan, eta lau akusatuak zigortuko ditu. Zigorra Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatzen duten 25 urteko kartzela-zigorraren eta defentsek nahi duten 20 urteko espetxe-zigorraren artean egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Zornotza Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Asturias