Gizartea -

Hernanin

Bi neskari eta bi ertzaini erasotzeagatik 2 urteko zigorra eskatu dute

Gipuzkoako Fiskaltzak atentatu-delitua, lesioa, irainak eta mehatxuak egozten dizkio eta bi urteko espetxe zigor eskaera egin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eta hainbat isun jartzeko eskaera egin du, Hernaniko tren geltokian zeuden bi neskari eta bi ertzaini eraso egiteagatik.

Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazioaren arabera, 2011ko ekainaren 2an, 19:00etan, akusatua Hernaniko tren geltokiko aulki batean eserita zeuden bi neskarengana joan zen eta bertan eseri nahi zuela esan zien.

Neskek ezetz esan, baina ustezko erasotzaileak "enbarazu eginez" jarraitu zuen eta "zigarro" bat emateko exijitu zien. Berriz ere ezezkoa eman eta gizonezkoa "aztoratu" egin zen. Aurpegia apurtuko ziela mehatxu egin zien, eta ondoren, galtzak jaitsi eta "zakila erakutsi" zien.

Bi gazteak bertatik joan ziren baina akusatuak ostikada bat eman zion bati ipurmasailean.

Ertzaintza bertaratu zenean, "ezer ez esan gabe" ustezko erasotzaileak ertzain bati lepotik hartu, ostikadak eman eta harramazka egin zion. Lankidea askatzen saiatu zen beste ertzaina, eta azken honi hatz batean hozka egin zion.

Azkenik, gaztea atxilotu egin zuten.

Fiskaltzak atentatu-delitua, lesioa, irainak eta mehatxuak egozten dizkio eta bi urteko espetxe zigor eskaera egin du. Gainera, 3.000 euroko isuna ere eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea