Itxi

2021/12/02

21:14

Gizartea

tokiko merkataritza

Merkataritza txikia "hiltzen" ari da: Basauriko denda batek eskela batekin iragarri du itxiera

itxaso leon | eitb media

Datorren urtarrilaren 28an ateak itxiko dituen Basauriko LaLula dendak aditzera eman duenez, tokiko merkataritzaren krisiaren errudun nagusiak dira internet bidezko erosketak eta pandemiak eragindako kontsumo ohiturak.

  • Basauriko LaLula dendaren erakusleihoa. Argazkia: Saltokiaren Facebook-eko profila

    Basauriko LaLula dendaren erakusleihoa. Argazkia: Saltokiaren Facebook-eko profila

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Basauriko LaLula arropa-dendak ixtera behartuta ikusi du bere burua sei urteko jardunaren ondoren, kontsumo-eredu berriak eta koronabirusaren pandemiak eragindako krisia direla eta. Hala iragarri du atean itsatsitako eskela itxurako kartel baten bitartez, horren itxiera bultzatu duten askotariko faktoreak salatzeko asmoz.

Horretarako, metafora bat darabil "eskelak", online kontsumo masiboa eta covida balizko gaixotasun baten sintoma nagusi gisa ipinita. Dendak "ezin izan dio gaixotasun horri inongo antibiotikorekin aurre egin", eta hausnarketa egitera gonbidatu nahi du erakusleiho aurretik igaroko den pertsona oro.

Iratxe Barayazarra LaLulako jabeak eitb.eus-i azaldu dionez, "garaiak aldatu egin dira, eta pandemiak ere aldatu egin gaitu". Kontatu duenez, dendatik ere baliabide propioak erabili behar izan dituzte webgune bat sortzeko, baina "ez dago modurik" plataforma handiei egiten zaizkien internet bidezko erosketen aurka lehiatzeko.

Salatu du "publikoa merkealdietan erostera ohitu" dutela, eta aipamena egin die horretara bideratutako egun ugariei (Black Friday, Singles Day, Urrezko Astea, Aste Fantastikoa, "San Quiero" eta "San Medalagana"), "edozein aitzaki asmatzen" baitute kontsumitzera gonbidatzearren.

Azpimarratu duenez, inoiz ez du beherapenik egin gero eta ohikoago diren egun seinalatu horietan, bezeroen etengabeko galderak gorabehera: "jendea erasotuta sentitzen da, mundu guztiak egiten dituelako". Bideraezintasun horren adibide, azaldu du: "azaroaren 12an arropa sorta berria jasotzen ari banaiz, 30ean ezin dizut beherapenik egin". Horrelako kasuetan adierazi ohi duenez, "hori egiten ikusi nahi banaute, datorren urtean ezin izango naiz mantendu".

LaLula

LaLula dendaren 'eskela'. Argazkia: Saltokiaren Facebook-eko profila

"Errealitate hau ikusarazteko gogoa nuen, guztiari agerikotasuna ematen ari zaion une batean gaudenez gero", gehitu du Barayazarrak. Ez du nahi jendeak, aurretik pasatzean, "begira, itxitako beste denda bat" soilik pentsatzerik. Ordez, agerikotasuna emateko eta kontzientzia sortzeko asmoa du: "helburua ez da inori errieta egitea, irakurtzera eta hausnartzera geldiaraztea baizik".

Kartela ipini ostean, LaLulako jabeak "gazteen eta zaharren" arreta nabaritu du, baita merkataritza txikiko kideen babesa ere. "Ez nuen espero, jendeak ikustearen beldur nintzen, mezua harrigarria delako", aitortu du.

Azken errematea: pandemia

Pandemiari dagokionez, dendariak adierazi du "guztiok errematatzeko" iritsi dela, "baina aurretik ere bagenuen internet bidezko erosketen gaitz hori". Era berean, tamaldu du "online erosten ez zekienak pandemiarekin ikasi" duela. Azkenaldian ohikoa izan den esaldi bat azpimarratu du, merkataritza txikian erostea ekiditeko kontsumitzaileek erabili ohi duten justifikazio nagusi gisa: "esan ohi dute lau mandatu arin egitera bakarrik atera direla kalera". Hala, ez dute tokiko merkataritza kontsumitzen, premiazkotik harago.

Hala eta guztiz ere, LaLulak likidazioan jarraituko du datorren urtarrilaren 28ra arte, eta Bizkaidendak erakusleiho-lehiaketara aurkeztuko da "bestelako irakurketa honekin, ohiko irudi goxo hori ordezkatuz", beste errealitate bat erakusteko asmoz.

Barayazarrak gomendatu du "eskela irakur dezaten, denda txikiok handien aurrean bizitzen ari garenaren laburpen ona baita". Gainera, hausnarketarako gonbita bota du, "krisialdi guztietatik jaio daitezkeelako gauza ederrak".

Dendaria itxaropentsu agertu da etortzeko dagoenaren aurrean, eta, adierazi duenez, "itxi behar izan dut, baina nire printzipioei eutsi diet amaierara arte".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;