Gizartea -

koronabirusa

Osasun Ministerioak ohartarazi du litekeena dela omikron "txertoaren inmunizazio-gaitasunetik at" gelditzea

Ministerioa beldur da aldaera berriak ez ote duen txertoaren eraginkortasuna nabarmen murriztuko, eta birritan kutsatzeko arriskua areagotuko.

Aldaera berriak txertoaren eraginkortasuna murriztu lezake. Artxiboko argazkia: EITB Media
Aldaera berriak txertoaren eraginkortasuna murriztu lezake. Artxiboko argazkia: EITB Media
Aldaera berriak txertoaren eraginkortasuna murriztu lezake. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak adierazi duenez, gero eta agerikoagoa da covid-19aren omikron aldaera "txertoak eta aurreko aldaerek eragindako erantzun inmunitariotik kanpo" gelditu daitekeela.

Hala jaso du Ministerioak ostiral honetan argitaratutako Omikron arriskuaren ebaluazio azkarraren eguneraketan. Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Espainiako Zentroak (CCAES) sinatutako txostenaren arabera, aldaera berri hau pandemian zehar antzeman direnen artean "genetikoki dibergenteena da", eta horrek "kezka handia" eragin die, ez ote den "txertoaren eraginkortasuna nabarmen murriztearekin eta birritan kutsatzeko arriskua areagotzearekin lotuta" egongo.

Horri buruz, CCAESeko adituek azaldu dute aurretik ere deskribatu direla espikularen (birusaren sarbidea) proteina kodetzen duen sekuentziaren aldaketetako batzuk. Gaineratu dute aldaketa horiek "antigorputz neutralizatzaileen edo bestelako ezaugarrien eskape inmunologikoarekin lotuta" daudela.

Hala ere, CCAESeko teknikariek argitu dutenez, zehazten zailagoa da "antigorputz ez-neutralizatzaileei eta proteina ez-superfizialei zuzendutako T memoria-zelulen eskape inmunologikorako potentziala". Zenbait ikerketatan egiaztatu dutenez, txertoek pazienteen birusari aurre egiteko T zelulak ere areagotzen dituzte. Hala, bestelako inmunitatea izan liteke, antigorputzez gain.

T memoria-zelulen erantzunek "inmunitate iraunkorrerako bidea eta gaixotasun larrien garapenaren aurkako babesa" eskaini ditzakete, baita birusaren bilakaerak "aurretiazko antigorputz neutralizatzaileei ihes egiten dieten espikulako proteinen mutazioak" eragiten dituen kasuetan ere.

Aitzitik, omikron aldaeraren hedapen berria "lehen mailako infekzio-arriskuaren murrizketarekin eta berriro kutsatzeko arriskuaren areagotzearekin" lotu dute. Adituek azpimarratu dutenez, aurkikuntza baieztatzekotan, "ondorio esanguratsuak izango lituzke osasun publikoaren plangintzarako".

Bestalde, agiriak lasaitasunerako deia egin du kasuen larritasunari dagokionez. Izan ere, Europan jakinarazitako omikron kasu guztien artean, "erdia asintomatikoak izan dira eta beste erdiak sintoma arinak zituen". Gainera, unera arte ez da gaixotasun larrien, ospitalizazioen zein heriotzen berririk izan.

Edonola ere, Osasun Ministerioak ardura eskatu du, "une honetan oso kasu gutxi daudelako detektatuta eta, gainera, oso berriak dira". Era berean, gogorarazi dute emaitza larriek, sarritan, "zenbait asteko behaketa" behar dutela eta gehiago irauten dutela "biztanleriaren artean agerikoak izaten". Horrek, diotenez, "ospitaleen okupazio-tasetan eragina izango luke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Espainiako Gobernua Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Txertoak albisteak COVID kasuak