Gizartea -

memoria historikoa

Begoñako hilerrian lurperatutako Gerra Zibileko 60 biktimaren gorpuzkiak berreskuratzeko lanak abiatu dituzte

Desobiratze proiektua Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadik Gerra Zibilean desagertutako pertsonak berreskuratzeko duten hitzarmenaren esparruan gauzatuko da.

Senideak eta agintariak Begoñako hilerrian elkartu dira. Argazkia: EFE
Senideak eta agintariak Begoñako hilerrian elkartu dira. Argazkia: EFE
Senideak eta agintariak Begoñako hilerrian elkartu dira. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aranzadi Elkarteko arkeologia-talde batek, Gogora Memoriaren Institutuaren eta Bilboko Udalaren babespean, lanak hasi ditu Bilboko Begoñako hilerrian lurperatutako Gerra Zibilean hildakoen gorpuzkiak berreskuratzeko. 2003tik dago itxita hilerri hori eta, gaur egun, Bilboko Udala gorpuzkiak lurpetik ateratzen ari da, gune hori parke publiko bihurtzeko, Begoñako Argia izeneko proiektuaren testuinguruan.

Larunbat goizean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertaratu dira zeregin horien hasierara, leku horretan lurperatuta dauden biktimetako batzuen senideekin batera. Haiekin batera izan dira Jose Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia; eta Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.

Beatriz Artolazabal sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa Gerra Zibilean desagertutako ahalik eta pertsona gehien berreskuratzeko. "Egia argitzen saiatuko gara, familia guztiek dolua behin betiko itxi ahal izan dezaten", adierazi du. Kasu batzuetan, ez da jakinekoa desagertutako gorpuzkiak zehazki non dauden.

Nabarmentzekoa izan da laurogei urteko emakume baten eta haren bilobaren bertaratzea. Aste honetan Gogorako arduradunen ahotik jakin du emakumeak bere aita 1937ko ekainaren 14an Artxandako batailan hil zela, Bilbo erori baino egun batzuk lehenago, eta lurperatzea Begoñan egin zutela. Hala ageri da Sopuertako Erregistro Zibileko dokumentazio historikoan, bere izena hilerriko liburuetan agertzen ez bada ere.

Gogora Institutuak 1936 eta 1945 artean Gerra Zibilean hildako biktimei buruz bultzatutako ikerketan oinarrituta, 60 pertsonaren gorpuzkiak, zibilak eta gudulariak, lurperatuta daude bertan. Horien artean, zenbait biktimen familiek ez dakite non eta noiz hil ziren. Horregatik, Artolazabal sailburuak deia egin du gerran hildako senideak non dauden ez dakiten familiak Gogorarekin harremanetan jar daitezen.

Memoria historikoari buruzko politika publikoen Euskadiko arduradun nagusiak Gogorarekin harremanetan jartzera animatu ditu Gerrako biktimak hilerri honetan lurperatuta dituztela uste duten beste familia batzuk.

Juan Mari Aburtok, bestalde, Aranzadi Zientzia Elkartea Bilboko Udalaren finantzaketaz egiten ari den Begoñako Argia proiektuari buruz hitz egin du. Ikerketa, dibulgazioa zein memoria historikoari buruzko prestakuntza zientifikoa tarteko dituen proiektuak Begoña du kokaleku, "zientzia eta ezagutza biltzen dituen proiektu baterako agertokirik egokiena". Alkateak eskerrak eman dizkio Aranzadi elkarteari desobiratze-prozesuan egin duen "errespetuz betetako lan zehatzagatik", baita Eusko Jaurlaritzari eta Gogora Institutuari ere, "demokraziaren alde borrokatu zirenen memoria eta erreparaziorako nahitaezko lanagatik, izan ere, haien oroitzapenaren argiak piztuta iraungo du betiko".

Begoñako Hilerria 2006an itxi zuten, baina 1813tik 2003ra bitartean (urte horretan egin zen azken lurperatzea) jardunean egon zen. Memoria Historikoaren ikuspegitik duen garrantziaz gain, balio handiko multzoa du XIX. mende amaierako zein XX. mende hasierako hilerrietako arkitektura aztertzeko.

Artolazabal sailburuak eta Bilboko alkateak proiektua ahalbidetzen duten erakundeen arteko lankidetza aipatu dute; Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza eta lankidetza publiko-soziala, Gogora Institutuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmenari esker.

Gerra Zibilean hildako 60 biktima

Erregistro zibiletatik, parrokia-liburuetatik eta hilerriko bertako erregistroetatik ateratako dokumentazioa da Gogoraren datu-basean jaso dutena, Gerra Zibilean 1936-1945 aldian hildakoekin, eta publikoarentzako eskuragarri dago. Bertan jasotzen denez, gerran hildako 60 biktima daude Begoñako hilerrian.

Horien artean, borrokalariak eta baita biktima zibilak ere. Zehazki, 1937ko apirilaren 18an Cotorrueloko babeslekuan izandako bonbardaketan hildako pertsona batzuk hilerri horretan lurperatu zituztela ezagutzen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Istiluak Bilbon gaur Euskal hiriburuak Bizkaiko albisteak Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Aranzadi Zientzia Elkartea gaur Gogora Institutuaren proiektuak