Gizartea -
Zibererasoak
Gabonetan "smishing" bidezko iruzurrekin arretaz ibiltzeko ohartarazi du aditu batek
Zibererasoetan, gero eta ohikoagoa izaten da enpresa edo banku faltsu baten SMSa jasotzea. Datu jakin batzuk eskatzen dituzte edo biktimari proposatzen diote esteka batean sar dadila, banku-datuak edo datu pertsonalak lapurtzeko asmoz.
EFE | Erredakzioa
Gabonetan, enpresek eta, bereziki, partikularrek jasotzen dituzten zibererasoak ugariagoak izaten dira, hainbat kanal eta baliabide erabiliz; horien artean, "smishing" izenekoa, SMS mezu baten bidez egiten dena, gero eta ohikoagoa izaten ari da.
Hala azaldu dio EFEri Juan Jose Nombela adituak. Nombelak hainbat urte daramatza zibersegurtasunaren alorrean lanean, eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean (UNIR) Konputazio Zientzietako zuzendaria da.
Esan duenez, "azken 15 urteotan, hainbat eraso-mota izan dira Interneten, eta ondorengo 30 urteotan ere izango dira, sofistikatuagoak". Nolanahi ere, sofistikazio horretan, jada erabilera txikia zuen tresna bat erabiltzen hasi dira iruzurgile batzuek: "Testu-mezu laburrak, hau da, SMSak".
Hala, erabiltzaile askok enpresa edo banku faltsu batek bidalitako mezu bat jaso dute mugikorrean; mezuan, hainbat datu eskatzen dituzte, edo, gehienetan, esteka baten gainean klik egitea.
"Oso ondo eginda dago, benetakoa dela ematen du, benetako bidaltzaileak bidaliko lukeena oso ondo imitatzen baitu", onartu du Nombelak: "Ez du ematen susmagarria denik, baina ez fidatu; iturri zilegi batek inoiz ez ditu eskatuko datu jakin batzuk".
"Batzuetan, arretaz aztertzen badugu, alde txikia ikusiko dugu, eta horrek pista eman ahal digu", azaldu du.
Dena den, Nombelaren hitzetan, batzuetan zaila da konturatzea, "eta egoera batzuetan errazagoa da biktima izatea"; adibidez, beste zerbait aldi berean egiten ari bagara, edo "erosketen garaian", "Black Friday" garaian, kasu. "Garai batzuk bereziak dira, aproposagoak dira horrelako iruzurrak egiten dituztenentzat, baina urtero ikusten da kontu hau gora egiten ari dela", esan du adituak.
Sare sozialetan ere izaten dira iruzurrak: "Zailagoa da, baina hor ere badaude; ohikoak ez diren kontaktuak baztertu beharko genituzke".
Adituaren iritziz, herritarrei mezu argia bidali beharko litzaieke: "Ez dugu zertan esteka batean klikatu edo SMS susmagarri bati erantzun, eta egin ezean ez da ezer gertatzen; ez dugu jendea zertan ikaratu, kontuan izanik eraso gutxik izaten dutela arrakasta".