Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Ceutan emazteari etxean labanaz eraso ostean
Erasotzailea bera izan da Poliziari abisatu diona eta emazteari labanaz eraso egin diola aitortu diona.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak gizon bat atxilotu du gaur Ceutan, senar-emaztearen etxean emazteari labanaz eraso eta sabelean eta besoetan zauri arinak egin ostean.
Poliziak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez, erasoa 02:00etan gertatu da Loma Comenar auzunean. Erasotzailea bera izan da Poliziari abisatu diona eta emazteari labanaz eraso egin diola aitortu diona.
Emakumea etxeko saloian zegoen erasoa gertatu denean. Gizonak sukaldeko labana batekin eraso egin dio.
Emakumeak ihes egitea lortu du eta auzokide batek ospitalera eraman du ibilgailu batean.
Ondoren, Polizia Nazionala senar-emaztearen etxera joan da eta erasotzailea atxilotu du emakumeen aurkako indarkeria egotzita. Etxean bikotearen hiru sema-alabak zeuden.
Ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, ordu batzuk geroago emakumea ospitaletik atera da.
Poliziak erasoaren nondik norakoak ez dituela ezagutzen esan du; izan ere, gizonak ez du tratu txarren edo bikotekidearen aurkako erasoren baten salaketarik izan.