Gizartea -
Udal-ordenantza
Gaztelania eta euskara modu berdinean errotulatuko dira Iruñean
Berez, araudiak euskarak eta gaztelaniak tratu berbera izan behar dutela dio hiriko leku guztietan, baina UPNren gobernuak ez du araua inoiz bete.
Erredakzioa
Iruñeko udaleko osoko bilkurak gaztelania eta euskara modu berberan errotulatzea onartu du. UPN eta PP kontra agertu dira baina gutxiengoa izan dira, interpretaziorik onartzen ez duen ordenantzaren aldaketaren aurrean. Gaztelania eta euskara letra, kolore eta tamaina berbera erabiliz seinaleztatuko dira.
Berez, araudiak euskarak eta gaztelaniak tratu berbera izan behar dutela dio hiriko leku guztietan, baina UPNren gobernuak ez du araua inoiz bete.
Urrian gehiengoaren babesarekin onartutako ordenantzak araudia errespetatzeko eskatu zion berriro ere UPNri, baina ez zuten kasurik egin. Gauzak Horrela, oposizioak derrigortzera jo behar izan du, araudia aldatu eta interpretazio ezberdinak egiteko aukera itxiz.
Alderdi sozialistaren babesa
Aldaketak PSNren babesa izan du. Sozialistek euskararekin borondate politiko handiagoa izateko eskatu diote UPNri. Erregionalistek, aldiz, euskarari tratu normala ematen diotela erantzun dute, kexa oso gutxi jasotzen dituztela gaineratuta.
Ondorioz, UPN eta PP gutxiengoa osatu dute arauaren aldaketaren kontra, nahiz eta popularrek UPNri adostutakoa betetzeko eskatu.