Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Giro ezegonkorrarekin emango diogu hasiera asteari
Goizaldean eta gauean elur-maila 800-900 metrora kokatuko da. Abisuei dagokionez, igandean bezala abisu horia indarrean izango da elurragatik eta kostaldean 3,5 metroko olatuak iragarri dituzte.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, astelehenean ez da aldaketa handirik espero. Eguraldiak aldakor eta ezegonkor samar jarraituko du. Tarteka hodeiak ugariak izango dira zeruan, batez ere iparraldean, eta noizbehinka zaparrada txikiak botako ditu; kantaurialdean ekaitza eta txingorra botatzeko aukera dago eta orduan euria indar handiagoz egingo du. Goizaldean eta gauean elur-maila 800-900 metrora kokatuko da, eguerdian gora egingo du. Tenperatura jaitsiko da apur bat eta barnealdeko zenbait tokitan izotza egin dezake.
Abisuei dagokionez, elurragatik eta olatuengatik abisu berberak mantenduko dituzte astelehenean ere; hau da, abisu horia elurragatik eta kostaldean 3,5 metroko olatuengatik. Barnealdeko zenbait puntutan izotzaldiak eman daitezkeela ohartarazi du Herrizaingo Sailak.
Asteartea
Astearte goizean zerua tarteka hodei gutxirekin ager daitekeen arren, zaparradak eta ekaitzak botatzeko aukera handia izango da oraindik. Dena den, euria noizbehinka baino ez du egingo eta ateriune luzeak espero dira. Arratsaldetik aurrera hodeiak ugarituz joango dira eta gauean prezipitazioa sarriagoa izango da; oraingoan barnealdetik etorriko zaigu.
Ipar-osagaiko haizea gero eta ahulago ibiliko da eta azken orduetan ekialderantz egingo du. Tenperaturak ez du aldaketa handirik jasango. Goizaldean elur-kota 700-800 metrora kokatuko da; orduak pasa ahala igo eta gauean 1200 metrora kokatuko da.