Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu bikotekideari eraso diotelakoan

Atxiloketak Gasteizen, Donostian eta Leioan gauzatu dira, emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatu diete gizonezkoei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren agenteek hiru gizon atxilotu zituzten igandean Gasteizen, Donostian eta Leioan emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta.

Erasoetako bat Gasteizen jazo zen. Kaleak zaintzen ari zen Ertzaintzaren patruila batek bikote bat kalean borrokan ari zela ikusi zuen eta agenteak eurengana joan ziren.

Emakumeak mutil lagunak eztabaida baten ostean jo egin zuela adierazi zien agenteei eta kaleko banku baten kontra jaurti zuela.

Halaber, bikotearekin harremanik ez zuen lekuko bat gerturatu zitzaien agenteei gizonezkoak emakumea nola jo zuen ikusi zuela esanez. Ertzainek 20 urteko gaztea atxilotu zuten ustezko indarkeria matxista delitua leporatuta.

Ertzaintzaren agenteek beste gizon bat atxilotu zuten igande gauean Donostian. Agenteak eraso baten inguruko abisua jaso ondoren etxebizitza batetara bertaratu ziren. Eraikinaren eskailera-buruan topatu zuten ustezko erasotzailea alkoholaren eraginpean.

Bere emaztea, berriz, etxe barruan zegoen, ertzainei senarrak jo egin zuela deklaratu zien eta ohearen kontra jaurti zuela. Emakumea ospitalera eraman zuten jasotako jipoiaren ondorioz sortutako zauriak artatzeko eta agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

Emakumeen kontrako beste indarkeria kasu bat ere izan da Leioan. Ertzaintzaren agenteak telefono dei bat jaso zuten liskar baten berri emanez, eta ustez erasoa jazo zen etxebizitzara bertaratu ziren.

Bertan, gizonezko batek bere bikotekide ohia jo zuela aitortu zien ertzainei eta agenteek atxilotu egin zuten.

Biktimak kolpe bat zuen begian eta ubeldura bat hankan. 29 urteko gizonezkoa emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta atxilotu zuten agenteek. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea