Gizartea -

KORONABIRUSA

Seigarren olatuari aurre egiteko "neurri orokorrak" hartzeko eskatu dio Urkulluk Sanchezi

Espainiako presidenteari bidalitako gutun batean, lehendakariak Presidenteen Konferentzia deitzeko eskatu du. Ondoren, Monkloatik jakinarazi dute datorren aste hasieran egingo dela.

Iñigo Urkullu LABIko bileran. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Iñigo Urkullu LABIko bileran. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Lehendakaria gutun bidez zuzendu zaio Pedro Sanchezi, erkidegoetako presidenteen premiazko bilera eskatzeko

1:32

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du covid-19aren pandemiaren aurkako borrokan ez dela eraginkorra erabaki "desberdinak" hartzea, erkidegoek dituzten baliabideen araberakoak, alegia, eta seigarren olatua geldiarazteko "neurri orokorrak" aztertzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiko presidenteari.

Urkulluk gutuna bidali dio gaur goizean Sanchezi, Presidenteen Batzarra deitzeko eskatuz, eta, handik gutxira Moncloak iragarri duenez, bilera datorren astearen hasieran egingo dute.

Eskutitzean, lehendakariak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan, txertatu daitekeen populazioaren % 91 baino gehiago txertatu dela, eta une honetan, hirugarren errefortzu dosiak eta 12 urtetik beherakoen txertaketa martxan direla, duela urtebete ez bezala.

"Baina horrekin batera, egia da une honetan azken 22 hilabetetan ezagutu ez dugun intzidentzia-tasa dugula. Eta azken honek eragina du gero eta kezkagarriagoa den ospitaleetako presioan baita Lehen Mailako Arretan ere, beste gaixotasun biriko batzuk ere izaten diren urtaro berean, hain zuzen ere. Honek guztiak bat egiten du interakzio sozial gehiago izaten dugun garaiarekin eta osasun-arloko profesionalen lan-egutegi konplexuarekin" gehitu du.

Gutunean, Urkulluk "kezka berezia" agertu du "osasun arloko langileen nekea" dela eta, baita koronabirusak jotako gaixoek ospitaleetako ohe arrunt zein ZIUetako gehiago hartzeak beste gaixoengan izan ditzakeen ondorioekin.

"Aurreko guztia azalduta, eta Euskadiri bakarrik eragiten ez dion errealitatea dela iritzita, adierazten dut ez dela positiboa erabakiak desberdinak izatea, erkidegoetan ditugun tresnen arabera, ezta bultzatu nahi diren neurrien ondorioz izan daitezkeen erreakzio sozialen araberakoak ere", gaineratu du.

Hori dela eta, premiazko bilera telematikoa eskatu du erkidegoetako eta hiri autonomoetako presidenteekin, Espainiako Osasun ministroarekin, autonomia erkidegoetako Osasun kontseilariekin eta Osasun Publikoko arduradunekin.

"Proposatzen dudana egoerari buruzko diagnostikoa eta horri aurre egiteko neurri orokorren azterketa partekatzea da" amaitu du gutuna.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa