Gizartea -
radio euskadi
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak positibotzat jo du autoan erretzeko debekua
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean, Osasun ministerioak igorritako zirriborroaren irakurketa positiboa egin du Sonia Diaz de Corcuerak. 2023rako kerik gabeko espazioak areagotzeko proposamena jasotzen da bertan.
eitb media
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak adierazi du ondo ikusten duela autoan erretzeko debekua, "arrisku egoerak" saihesteko.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean, Osasun Ministerioak argitaratutako zirriborroa izan du hizpide Diaz de Corcuerak. 2023rako kerik gabeko espazioak areagotzeko proposamena jasotzen du txostenak; besteak beste, gidatu bitartean erretzeko debekuarekin.
Zentzu horretan, Trafiko zuzendariak nabarmendu du autoan erretzeak "arrisku egoerak" eragiten dituela, eta "saihestu daitekeen edozein egoera" ondo egongo dela.
Ohartarazi duenez, zigarro bat pizteko unea edo errautsa erortzea arrisku egoerak izan daitezke. Gainera, aipatu du sarritan "eskuak lanpetuta" ditugula eta "istripu bat izan edo eragin" dezakegula.
Hala, azpimarratu du gidatu bitartean erretzeko beharra duten pertsonek "zerbitzugune batean gelditzeko aukera" dutela, eta ibilgailu barruko lagunek kea irenstea ere ekidingo dutela horrela.
Bestalde, Gabonak eta horiek dakartzaten bidaiak direla eta, Diaz de Corcuerak joan-etorriak ekiditeko eskatu du, "oso beharrezkoak ez badira". Bidaiatzea beste erremediorik izan ezean, gomendatu du "alkoholaren eta drogen eraginpean ez gidatzea, ezta era arduragabean edo abiadura okerrean ere".