Gizartea -
Madril
Hamaika pertsona atxilotu dituzte sexu esplotazioa egitea leporatuta
Errumaniar gazteak prostituzioan aritzera eta komenientziako ezkontzak gauzatzera behartzen zituzten atxilotuek, ustez.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak Errumanian emakumeak erakarri eta Espainiara eramaten zituzten gaizkile talde bi desegin ditu, urtebeteko ikerketaren ondoren. Prostituzioan jardutera eta komenientziako ezkontzak egitera behartzen zituzten gero, ustez. Operazioan 11 pertsona atxilotu dituzte, horien artean taldeetako burua.
Poliziak ohar batean azaldu duenez, taldeetako batek emakumeak erakartzen zituen, Errumanian, gero dokumentazioa kendu eta Espainian “ustezko zorra” kitatu arte prostituzioan jardutera behartzeko. Bigarren taldeak dokumentuak faltsutzen zituen, emakume esplotatuen eta Europar Batasunetik kanpoko hainbat herrialdetako herritarren arteko ezkontzak bideratzeko. Gehienetan nigeriarrak izaten ziren horiek eta gonbidapen gutunen bidez sartzen zituzten Espainiara.
Atxilotuak 11 izan dira, sareko burua barne. Taldeak Malaga, Granada, Murtzia eta Valentzian aritu izan dira eta Alemania eta Portugalen ere bazituzten loturak.
La Herraduran (Granada) eta Benalmadenan (Malaga) erregistratu dituzten etxeetan agenteek dokumentuak faltsutzeko makina bat eta billete faltsuak konfiskatu dituzte.