Gizartea -

KORONABIRUSA

EAE eta Nafarroa Urtezahar gauerako neurriak zehazten ari dira

EAEko eta Nafarroako Osasun arduradunek, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Errioxarekin batera, kasuen gorakada geldiarazteko neurri komunak aztertzen jarraitzen dute.

Jendea kalean. Argazkia: EFE.
Jendea kalean
Nafarroako Gobernua neurri murriztaileak jasotzen dituen foru agindua prestatzen ari da

1:22

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak inguruko autonomia erkidegoekin hitz egiten jarraitzen dute, pandemiaren seigarren olatuaren positiboen gorakada geldiarazteko neurri komunak ezartzeko.

Eusko Jaurlaritza Kantabria, Gaztela eta Leon eta Errioxarekin harremanetan jarri zen atzo, Maria Chivite Nafarroako presidenteak lehendakariari deitu ostean, murrizketa komunak aktibatzeko aukera aztertzeko.

Gaur Nafarroak beste 1.942 kasu berri zenbatu ditu, eta, horregatik, Maria Chiviteren Gobernua azkartzen ari da foru aginduaren prestaketa, datozen egunetarako neurri murriztaileak barne hartuko dituena.

Foru Komunitateko Gobernuak, datorren asteari begira, barran kontsumitzea debekatzearen eta ostalaritzaren itxiera 01:00etara aurreratzearen alde egin du, edukiera % 60ra murrizteaz gain.

Neurri horiek proposatu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak Presidenteen Konferentzian. Beraz, Eusko Jaurlaritzak oraingoz ezer aurreratu ez badu ere, litekeena da neurri horiek prestatzen ari den dokumentuan ere jasotzea.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua da autonomia erkidegoekin egiten diren elkarrizketen buru, ingurune osoan neurri komun horiek adosteko.

Ostalaritzan 01:00etan itxiera ezartzeak zuzenean eragingo die gau zaharreko kotilioiei.

Ildo horretan, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea ostalaritzan murrizketak hartzearen eta gaueko aisialdia ixtearen alde agertu da, kutsatze gehiago saihesteko. Gainera, uste du egungo egoeran ez duela zentzurik kotilioiak mantentzeak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Kantabria María Chivite Koronabirusa Errioxa Osasun larrialdia