Gizartea -
Analisia
Frantziako musulmanei mesederik ez
Etorkinei kontrol zorrotzagoak ezarri eta musulmanak gertutik zaintzearen alde dauden Marine Le Penek edo Sarkozyk berak euren jarrerak defendatzeko argudioak aurkituko dituzte Tolosako gertakarietan.
Jesus Torquemada
Konfirmatzen bada Okzitaniako Tolosako atentatuen egileak Al Kaidaren jarrera defendatzeagatik egin duela musulmanen kontrako uholdea geldi-ezina izango da Frantzian. Lehen hipotesien arabera, magrebtar jatorriko 3 soldadu frantziarren eta eskola judutar bateko 3 haur eta gizonezkoaren hiltzailea eskuin muturreko norbait zen. Horrek sekulako zirrara eragingo zuen Frantzian, arerioa etxe barruan zutela konturatuko zirelako. Baina atentatu horien egilea muturreko ideologia islamiarrekoa bada, egoera goitik behera aldatzen da: atea itxi beharrean daude atzerriko arerioaren aurrean.
Etorkinei kontrol zorrotzagoak ezarri eta musulmanak gertutik zaintzearen alde dauden Marine Le Penek edo Sarkozyk berak euren jarrerak defendatzeko argudioak aurkituko dituzte Tolosako gertakarietan.
Susmagarriaz ematen ari zaigun profila kezkagarria da: gaztea, frantziar nazionalitatekoa, erlijioz musulmana, Pakistanera bidai bat egin eta musulmanen ohore zikinduaz mendekua hartu beharra dagoela konbentzituta itzulti zena. 2005eko uztailean Londresko atentatuen egileen antzeko profila du oraingo honek ere, orduan lau lagun atxilotu zituzten, ordurarte bizitza arrunta egiten zuten lau gazte hain juxtu ere.