Gizartea -

Gaixotasunak

Flurona: gripea eta koronabirusa aldi berean infektatzen direnean

Flurona ez da covid-19aren aldaera berri bat. Infekzio bat da eta gripearekin eta koronabirusarekin kutsatuta dauden pertsonengan eman daiteke. Ez da larria eta, txertatuta egonez gero, infektatzeko arriskua txikia da.

Emakume bat gripearen aurkako txertoa hartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bat gripearen aurkako txertoa hartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bat gripearen aurkako txertoa hartzen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Flurona infekzio bat da eta gripea eta koronabirusa aldi berean kutsatzen direnean ematen da. Katalunian zenbait kasu atzeman dituzte urtea hastearekin batera, baina lehendabiziko kasuak pandemiaren hasieran detektatu zituzten Ameriketako Estatu Batuetan.   

Maria del Mar Tomas A Coruñako Ospitaleko mikrobiologo eta Estatuko Gaixotasun Infekzioso eta Mikrobiologia Klinikako bozeramaileak azpimarratu du flurona ez dela larria. Halaber, zehaztu du ez dela SARS-CoV-2aren aldaera berri bat, ezta birus berri bat ere.

Fluronak ondorioak larriagotzen ez dituela ziurtatu du, baina erantsi du gripearen nahiz covid-19aren aurkako txertorik hartu ez duten pertsonek arrisku gehiago izango dutela infektatzeko.  

Transmisioari dagokionez, Tomasek azaldu du, berez, kutsatze-maila ez litzatekeela handia izan beharko, baina txertatu gabeko pazienteei zuhur egoteko eskatu die.

Bere ustez, gripearen aurkako txertoa hartu ez dutenek flurona izateko arrisku gehiago izango dute, covid-19ari aurre egiteko errefortzurako dosia jasota izan arren. "Covid-19aren aurkako txertoarekin flurona detektatzea zailagoa izango da, birusa bi edo hiru egunetan desagertzen delako. Eta bi gaixotasunen kontra txertatuta egonez gero, infektatzeko arriskua oso baxua da", berretsi du.

Bi birusak aldi berean infektatzea ohikoa dela adierazi du, biak ingurugiroan aurkitzen direlako eta, ondorioz, biak bat egin dezaketelako, flurona delakoa sortuta.

Sintomak omikron aldaerak eragiten dituenaren antzekoak dira eta orain arte ez dute ondorio larririk eragin.

Lehendabiziko kasuak pandemiaren hasieran agertu ziren, 2020ko maiatzean, Ameriketako Estatu Batuetan, The Lancet medikuntza aldizkariak argitaratu zuenez.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gripea Koronabirusa