Gizartea -
Bizkaia
Ustez irauli egin den piragua batean zihoan pertsona bilatzeari utzi diote Getxoko Galean
Argi eta zantzu faltagatik bilaketa bertan behera uztea erabaki dute. Piraguista baten desagerpen salaketa aurkeztuz gero edo horretarako zantzurik badago berriz bilatzen hasiko lirateke.
EITB MEDIA
Larrialdi zerbitzuek 18:00ak aldera bertan behera utzi dituzte ustez irauli egin den piragua batean zihoan pertsona bilatzeko lanak Getxoko (Bizkaia) Galean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Argi eta zantzu faltagatik bilaketa bertan behera uztea erabaki dute.
12:00ak aldera, partikular batek abisua eman du Galeako itsasargi inguruan piragua bat iraulita ikusi ondoren.
Berehala bilaketa dispositiboa martxan jarri dute. Ertzaintzako eta Itsas Salbamenduko helikopteroek parte hartu dute, baita Gurutze Gorriko eta Itsas Salbamenduko ontziek ere.
Ez dute ustezko piraguarik topatu, ezta piraguistarik ere, horregatik 18:00ak aldera bilatzeari utzi diote. Piraguista baten desagerpen salaketa aurkeztuz gero edo horretarako zantzurik badago berriz bilatzen hasiko lirateke.