Gizartea -
'Palma Arena' auzia
Grabazioak jaso ezean, berriz deklaratzeari uko egingo dio Torresek
Poliziaren aurrean esandakoa baliogabetzea eta grabatutako deklarazioen kopia jasotzea eskatu du Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak epaileari aurkeztutako helegite batean.
Erredakzioa
Noos Institutuarekin lotutako ustezko delituen gainean egindako deklarazioen grabaketen kopiak jasotzea eskatu du Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiaren abokatuak. Grabazio horiek jaso ezean, berriz ere deklaratzeari uko egingo diola iragarri du Torresek.
Halaber, Torresek Bartzelonako Poliziaren aurrean esandakoa baliogabetzea ere eskatu du Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak Jose Castro epaileari aurkeztutako helegitean.
Hilabetearen hasieran "konplikatuak" izan zitekeen inputatuen eta lekukoen deklarazioak grabatzea agindu zuen Castrok, hitzak idazterakoan deklarazioak gehiegi ez luzatzearren.
Torresen abokatuak argudiatu duenez, kopia horiek gabe "ezinezkoa" da Torresen defentsa prestatzea. "Bitarteko horiek jaso ezean, deklaratzeari uko egingo dio, bere defentsa behar bezala prestatzeko elementu nahikorik ez ditugulako", iragarri du abokatuak.
'Palma Arena' auziaren barnean ustelkeriarekin lotutako delitu batzuk ikertzen dabil Fiskaltza. Dirudienez, Noos Institutuak erakunde publikoetatik 5,8 milioi euro jaso zituen.