Gizartea -
Gasteizen
Urritasuna dutenek, haurdunekin aparkaleku-plaza partekatzearen aurka
Esperientzia pilotua eta aitzindaria da Euskadin, eta ongi funtzionatzen badu, haurdun dauden emakumeentzat soilik izango diren aparkaleku-plazak jarriko dituzte.
Erredakzioa
Gasteizko Hiritarren Segurtasuneko zinegotziak, Marian Castellanosek, "pazientzia" eskatu die urritasuna duten pertsonen elkarteei, haurdunekin aparkaleku-plazak partekatzearen aurka azaldu baitira. Udalaren arabera plazak "kendu" baino, "partekatu" egiten dituzte.
Orain arte urritasunen bat dutenentzako aparkaleku-plazak eurentzako bakarrik ziren, baina aurrerantzean haurdunekin partekatu beharko dituzte.
Castellanosek azaldu duenez, "esperientzia pilotua da. Denborak eta erabilerak esango digute leku gehiago egokitu behar dugun, eta non". Ongi funtzionatzen badu, haurdun dauden emakumeentzat plazak jarriko dituzte.
Ekimen horrek Eginaren Eginez gutxitasun fisiko bat duten arabarren elkartearen kritikak jaso ditu. Aparkaleku-plazak ez dira "funsgabeko zerbait", horien iritzian, eta toki horietan aparkatzeko baimena Aldundiak mugikortasun arazoak neurtzeko dituen baremoen arabera lortzen dela azaldu dute.
Honen harira, hiritarren segurtasuneko zinegotziak "pazientzia" eskatu die esperientzia pilotua delako. Oraingoz, osasun zentroetatik eta merkataritza guneetatik hurbil kokatu dituzte plaza horiek.
Haurdun dauden emakumeek toki horietan aparkatu ahal izateko kotxeetan jarri behar duten baimena gaurtik aurrera eska dezakete.