Gizartea -
Hutsegitea
Garoñako erreaktore nuklearrak geldialdi automatikoa izan du
Garoñak jakitera eman duenez, zentrala geldialdi bero egoeran dago eta segurtasun sistema guztiak iragarritakoa bezala funtzionatu dute.
Erredakzioa
Burgosko Santa Maria de Garoñako zentral nuklearreko zuzendariak erreaktore nuklearraren geldialdi automatikoa iragarri dio Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari, bapore linea nagusiko isolamendu balbuletako baten itxieraren ondorioz.
Programatutako lan batzuk gauzatzeko aldez aurretik potentzia jaitsita zuten, baina iragarritakoa baino lurrun presio jaitsiera handiagoa izan du eta ondorioz, bapore linea nagusiko isolamendu balbulak lanean jarri dira eta erreaktorea automatikoki gelditu da.
Garoñak jakitera eman duenez, zentrala geldialdi bero egoeran dago eta segurtasun sistema guztiak aurreikusita zuten bezala funtzionatu dute. Dagoeneko, probak egiten hasi dira. Hain zuzen ere, geldialdia eragin duen seinalea nondik etorri den aztertzen ari dira.
Gertakariak ez die ez langileei, ez ingurugiroari, ez herritarrei eragin. Gertaera Nuklearren Nazioarteko Eskalan 0 mailan sailkatu dute.