Gizartea -
Indarkeria matxista
Ehunka lagunek 39 urteko emakumearen hilketa salatu dute Tolosan
26 urteko gazte batek emakumea hil duela aitortu du. Hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu du Tolosako Udalak, ez ohiko osoko bilkuran.
Erredakzioa
200 bat lagun bildu dira astelehen arratsalde honetan Tolosan, 39 urteko emakumearen hilketa salatzeko. 26 urteko bere bikote kideak hil omen zuen emakumea, igandean.
Elkarretaratze isila izan da, 'Aski da! Indarkeria sexistari aurre hartu' lelopean. Ordu erdiz salatu dute hilketa, eta txaloekin bukatu da elkarretaratzea.
Aurretik, hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu du Tolosako Udalak, ez ohiko osoko bilkuran. ''Emakumea izate hutsagatik'' hil dutela salatu dute adierazpen horretan, eta hausnarketa egiteko deialdia egin diote gizarteari, ''gauzak ondo egiten ari ez garela islatzen baitute horrelako ekintzek''.
Era berean, indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak hartzeko deialdia luzatu diete erakundeetako ordezkariei, eta neurri horiek ''lehentasuna'' izan behar dutela gaineratu dute. Tolosako Udalak onartutako testuak jasotzen duenez, ''denborak ez du arazoa konponduko'', ustezko erasotzailea 26 urteko gaztea izateak ''agerian'' uzten duenez.
Hilketa gaitzesteko elkarretaratze gehiago deitu dituzte astearte honetarako.Hilketa bortitxa
Emakumearen senar ohiak ohartarazi zuen Ertzaintza, etxera deitutaemakumeak erantzuten ez zuela ikusita. 20:00etan, Ertzaintzaren agenteakTolosako Larramendi auzoko haren etxebizitzara bertaratu ziren, eta etxeko logela batean topatu zuten 39 urteko emakumea, hilda, indarkeria zantzuak zituen, lepoa ebakita zuen. Biktima kubatarra zen jatorriz, agenteek hainbat labana aurkitu dituzte gorpua aurkitu zuten logelan.
23:00etan,biktimaren egungo bikotekidea azaldu zen etxebizitzan, eta agenteekatxilotu egin zuten, bikotekidea hiltzea leporatuta. 26 urteko gazteak 39 urteko bikotekidea hil duela aitortu du.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gazteak polizia aurrekari ugari ditu. Igande gauean (23:00) atxilotu zuten ustezko hiltzailea zelakoan, eta Tolosako klinika batera eraman zuten, besaurrean bere buruari egin zizkion zauriak sendatzera. Ondoren, Donostia Ospitaleko psikiatria unitatean azterketa egin zioten eta orain ertzain-etxean dute.
Polizia aurrekariak ditu
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxilotuak polizia aurrekari ugari ditu, besteak beste, lapurreta, droga trafikoa, mehatxuak eta emakumeen kontrako indarkeria delituak egotzita. 2009an aurreko bikotekide ohiari eraso egin izana leporatu zioten.
Delitu horiek direla eta, 4 urte egin zituen kartzelan.