Gizartea -

Nafarroan

Hiru urteko haurraren heriotzak Tafalla astindu du

Umeak burua sartu zuen burdin barra batzuen artean. Konorte barik topatu zuten, eta "oso larri" eraman zuten ospitalera. Bertan hil zen.

Hil egin da Tafallako eskola batean zauritutako 3 urteko mutikoa
Hil egin da Tafallako eskola batean zauritutako 3 urteko mutikoa
Tafallarrak hunkituta, eskolan hil den mutikoaren heriotza dela eta

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Samina eta atsekabea dira nagusi Tafallan, bertako eskola batean "oso larri" zauritu zen 3 urteko mutikoa ospitalean hil ondoren. Ezbeharrak udalerri osoa astindu du. 

Istripua 11:37an jazo zen. Ordu horretan, umeak burua sartu zuen burdin barra batzuen artean. Suhiltzaileek eta Foruzaingoak konorterik gabe aurkitu zuten, eta suspertzen saiatu ziren.

Umea oso azkar eraman zuten ospitalera, baina hala ere "oso larri" sartu zuten zainketa berezien unitatean. Gauerdi aldean hil da.

Foruzaingoak ikerketa abiatu du, eta Hezkuntza Kontseilaritzako Ikuskapen agenteak zentroko zuzendaritzarekin batzartu dira dagoeneko, gertatutakoa aztertzeko.

Umea "ezohiko objektu batera igo zen"

Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, antza umea "ezohiko objektu batera" igo zen. Dena dela, ikertzen jarraitzen dute.

Iribasek zehaztu du Ikuskapen agenteak atzo bertan joan zirela zentrora, eta egiaztu egin zutela "eremu itxi bat" dagoela umeek burua sar ez dezaten, baina umeak "objektu" batera igota saihestu zuela.

Bere esanetan, barrak oso goian daude eta, beraz, ez daude umeen altueran.

Kontseilariak ez daki udal eskolan segurtasun sistemak zalantzan jarri dituzten, baina tragediak gertatzen direnan segurtasun neurriak egoera onean izatearen garrantziaz ohartzen direla aipatu du.

Hezkuntza buruak azaldu du oraindik ez dakiela zehazki zer ordutan gertatu zen ezbeharra, ezta irakasleak non zeuden une horretan ere, baina umearen sendiak erantzukizunak eskatzea erabakiko balu "errespetatu" egingo lukeela erantsi du.

Laguntza psikologikoa

Bestalde, Osasun Kontseilaritzak laguntza psikologikoa eskaintzeko talde bat bidaliko du Tafallara.

"Atsekabetuta gaude, gertatutakoa tragedia da", esan du Marta Vera Osasun kontseilariak, Parlamentuan agerraldia egin baino lehenago.

Vera umearen senideei, gainerako ikasleen familiei eta zentroko langileei laguntza psikologikoa emateko prest agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea