Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bilbon bikotekide ohiari eraso egitea egotzita
Ertzaintzaren agenteek beste bi gizon atxilotu dituzte Tolosan eta Getarian euren bikotekide ohiekiko ezarrita zuten urruntze agindua urratzeagatik.
Erredakzioa
Ertzaintzaren agenteek gizon bat atxilotu dute bart gauean Bilbon emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita. Ustezko erasotzaileak biktimari eraso zion eta heriotza mehatxuak egin zizkion.
Gertakaria Bilboko Bolueta auzoan jazo zen, biktimaren etxebizitzan. Emakumeak salatu duenez, bikotekide ohiaren jazarpena jasaten ari da eta etengabe deitzen dio telefonoz.
Atzo gauean bere etxebizitzara bertaratu zen eta eztabaidan hasi ostean barruan sartzen utzi zion. Bertan, biktimak salatu duenez, arma bat atera zuen eta irainka eta mehatxuka hasi zitzaion.
Ertzaintzaren agenteek, salaketa jaso ostean, ustezko erasotzailea topatu zuten eta atxilotu egin zuten.
Horrez gain, beste bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Tolosan eta Getarian euren bikotekide ohiekiko ezarrita zuten urruntze agindua urratzea leporatuta.