Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakume bat salatu dute senarra zigor ez zezaten gezurra esateagatik
Urruntze-agindua urratzeagatik epaitu zuten gizonezkoa eta epaiketan emakumeak esan zuen, ustez gezurretan, berak eskatu ziola etxera joateko.
Erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak urtebeteko kartzela-zigorra eskatu du emakume baten kontra bikotekideari mesede egiteko epaiketa batean gezurra esateagatik. Urruntze-agindua urratu zuelako ari ziren epaitzen gizonezkoa.
Ministerio Publikoaren salaketan agertzen denez, 2011ko otsailaren 17an urratu zuen gizonak urruntze-agindua. Epaitegiak bikotekidearen etxetik 300 metrora ez gerturatzeko agindua eman zion eta etxe inguruan zebilenez, Ertzaintzak atxilotu egin zuen.
2011ko otsailaren 25ean epaitu zuten gizona eta ahozko auzi-saioan, emakumeak esan zuen, ustez gezurretan, berak eskatu ziola etxera joateko.
Fiskaltzaren arabera, emakumeak emandako deklarazioa erabat "kontraesankorra" da instrukzio fasean adierazi zuenarekin eta bere garaian, gizona atxilotu zutenean, Ertzaintzari esan zionarekin.
Emakumea bikotekidea babesten saiatu zen epaiketan, baina azkenean gizonak zigorra jaso zuen urruntze-agindua urratzeagatik.