Gizartea -
Paleontologia
Europako dinosauro handienaren arrastoak topatu dituzte Teruelen
Burezurraren berreraikuntza Riodevan egongo da ikusgai uda honetan, Dinopolis parkeko Titania egoitzan.
Erredakzioa
Terueleko Dinopolis Paleontologia Fundazioak Turiasaurus riodevensis dinosauroaren, “Europako erraldoiaren”, burezurraren arrasto fosilak aurkeztu ditu gaur. Duela 145 milioi urte bizi izan zen dinosauroaren eskeletoa osatzeko baliagarria izango da aurkikuntza hau; 2003an aurkitu zituzten lehenengo hezurrak.
Dinopolis Fundazioko Paloentologia Laborategiak eman du arrastoen berri, eta burezurreko 24 hezur baino gehiago eta zazpi hortz direla iragarri dute, hain zuzen. 2005ean aurkitu zituzten hezurrak Barrionda-El Humeroko aztarnategian, Riodeva herrian.
Ikertzaileen arabera, dinosauro mota honen burezurrak iraun izana “benetan arraroa da”; izan ere, oso hauskorrak izaten dira, baina aurkikuntza honetan informazioaren % 70 lortu ahal izan dute, urte batzuk prestakuntzan eta ikerketan eman ondoren.
Gaur aurkeztutako arrasto fosilek dinosauro belarjalea zela berretsi dute. Gainera, 78 zentimetroko burezurra zuela jakin da eta animaliaren eskeletoa osatzen lagunduko dute; % 55 dute jada.
Hezkuntza, Kultura, Unibertsitate eta Kirol kontseilariak, Maria Dolores Serratek, adierazi duenez, arrasto fosil berriek turismoa sustatzen laguntzeaz gain, “Teruel ikerketa garrantzitsuen artean kokatuko dute”.
Burezurraren berreraikuntza Riodevan egongo da ikusgai uda honetan, Dinopolis Lurraldeko Titania egoitzan.