Gizartea -
Nafarroa
Guardia zibil bat zigortu dute, saridun kupoi batzuekin geratzeagatik
Kupoi bakoitzak 35.000 euroko saria zuela konturatu zenean, kideei emateari uko egin zion, 'saria berari egokitu zitzaiola esanez'.
Erredakzioa
Nafarroako Auzitegiak sei hilabeteko kartzela zigorra eta 900 euroko isuna jarri dio guardia zibil bati, bidegabeko jabetzea egotzita, lankide biren ONCEko kupoi sarituekin geratzeagatik.
Epaian, Auzitegiko Hirugarren Sekzioak aringarri bat ezarri dio kondenatuari, salaketaren egileei kupoien saria, bakoitzari 35.000 euro, emango ziela hitzartu baitzuen.
2010eko ekainaren 25ean, akusatua, Virginio C. P. (60 urte) Sarrigurenen bizi den avilarra, Iruñeko taberna batean zegoen bi lankiderekin batera. Bertan, hiru kupoi erosi zituen, ostiraletako zozketarako.
Kupoi bana oparitu zien agente biei eta hirugarrena beretzat gorde zuen. Gero, hiru kupoiak Virginio C. P.-k gorde zituen eta saria egokituz gero abisatzeko esan zioten lankideek.
Hurrengo egunean, kupoi bakoitzak 35.000 euroko saria zuela konturatu zenean, kideei emateari uko egin zion, “saria berari egokitu zitzaiola esanez”.