Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Euria eta zeru grisak protagonista EAEn
Iragarpenaren arabera, igandera arte, behintzat, euria izango dugu lagun. Ostiral honetan tenperaturek apur bat egingo dute gora.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ostiralean ezegonkortasunarekin jarraituko dugu, beraz trumoi-ekaitzak nahiko erraz izan daitezke. Zaparradak botako ditu edonoiz eta edonon, nahiz eta egunaren bigarren partean euria egiteko probabilitatea handiagoa izango den; gainera, zaparrada mardulagoak espero dira.
Nahiz eta euria egin, eta iparraldeko haizea ibili, tenperaturak apur bat gora egingo du, eta maximoak 13-15 ºC artekoak izango dira.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du euriagatik ostiraleko 15:00etatik larunbateko 15:00ak arte.
Larunbata ere, euritsua
Larunbatean euria egiten jarraituko du. Giro goibel eta umela nagusituko da, eta ipar-mendebaldeko haizea tarteka zakar samar ibiliko da kostaldean.
Euria, batez ere egunaren lehen partean egingo du, eta arratsalde partean, pixkanaka atertzeko joera hartuko du eguraldiak. Tenperaturan ez da gorabeherarik izango.
Igandean hobera egingo du
gandean eguraldiak hobera egingo du. Egunaren lehenengo partean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira zeruan, eta han-hemenka euri apur bat utzi dezakete hodei horiek, kantauri isurialdean batez ere. Arratsaldetik aurrera atertu eta oskarbiguneak gero eta handiagoak izango dira, hodeiak desegiten doazen heinean. Ipar-osagaiko haizea ibiliko da, goizean ipar-mendebaldekoa nagusi eta arratsaldean ipar-ekialdekoa.
Giro hobea espero denez, tenperatura maximoek epeltzera egingo dute; minimoak, ordea, jaitsi egingo dira, eta barnealdeko zenbait lekutan izotz txikia egin lezake gauean.