Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid ziurtagiria faltsutzeak 6 hilabetetik 3 urtera arteko kartzela-zigorra ekar lezake Espainiar Estatuan
Bederatzi autonomia erkidegotan eskatzen dute ziurtagiria hainbat establezimentutara sartzeko eta beharrezkoa da Europar Batasunean zehar bidaiatzeko ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Covidaren kontrako txertoa hartu izana edo gaixotasuna gainditu izana ziurtatzen duen covid pasaportea faltsutzeagatik 6 hilabete eta 3 urte arteko kartzela-zigorra jaso dezake Espainiar Estatuan bai egileak bai enkargua egin duenak ere.
Otsailaren 4tik covid ziurtagiria erakustea ez da beharrezkoa EAEn, ostalaritza zein beste hainbat tokitara sartzeko, eta hala izango da Nafarroan ere, asteartetik aurrera. Estatuan, baina, bederatzi erkidegotan eskatzen dute gaur egun: Andaluzian, Aragoin, Kanarietan, Valentzian, Galizian, Errioxan, Murtzian, Ceutan eta Melillan.
Gainera, covid ziurtadiria beharrezkoa da Europa Batasuneko Estatukideen artean mugitzeko eta hala izaten jarraituko du, Europar Batzordeak 2023ko ekainaren 30era arte luzatzea proposatu baitu.
Zuzenbide penaleko adituak aipatuz, EFE berri agentziak zabaldu duenez, "duela hilabete batzuk PCR eta antigeno testak faltsutzen ziren bezala, orain negozioa covid ziurtagiriak faltsutzea da. 170 eta 450 euro artean balio dezake ziurtagiri faltsu batek". Ohartarazi dutenez, "QR kodea manipulatzea Administrazioaren dokumentu baten oinarrizko elementu bat alteratzea da". Zigor kodearen 392 eta 390.1 artikuluetan jasotzen da arau hauste hori eta materiala egiten duena zein eskatzen duena zigortzea aurreikusten da legean. Sei hilabetetik 3 urtera arteko kartzela-zigorra jaso dezateke horregatik, baita isun ekonomikoa ere.
Frantzian, txertatze ziurtagiria dago indarrean urtarrilaren 24tik eta hori faltsutzeagatik 3 urtera arteko kartzela-zigorra eta 45.000 eurora arteko isunak aurreikusten dira.